Epeleko bailaran barrena ibili eta Hernaniko aztarna megalitikoak ezagutzeko aukera izango da otsailaren 12an. Izan ere, Mendiriz Mendi Elkarteak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Hernaniko Udalak mendi-ibilbide Gidatua antolatu dute, Hernani Ezagutuz ekimenaren barruan. Ibilbidea, Aiako Harria Parke Naturalak Epelen dituen lurretan egingo da. Bi ordu inguruko ibilia izango da.
Ekimen hori martxan jarri zen, Hernaniko historia, kultura eta natura herritarrei ezagutarazteko asmoz, eta oraingo hau izango da, 4garren irteera. Ibilbidean zehar, azalpenak emango dituzte Txuso Gomezek (Historialaria eta Udal Artxiboko teknikaria) eta Iñaki Sanz-Azkuek (Biologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea).
Autobusa, joan-etorrirako
Antolatzaileek espero dute, ekitaldiak aurreko urteetan izan duen arrakasta izatea. Horregatik, iaz bezala, autobusa jarriko dute herritarrak ibilbidearen hasierara gerturatzeko, eta bukaeran Hernanira bueltatzeko. Irteera: 09:00; itzulera: 14:00.
Bazkaria, Irubide jatetxean
Hernani Ezagutuz-ek Epeleko bailara bisitatuko duela baliatuz, Epele auzoko Irubide Jatetxeak menu berezia prestatuko du, ibilbidearen ondoren bazkaltzera eta indarrak berreskuratzera geratu nahi dutenentzat.
Ibilbide gidatura autobusean joateko edo Irubiden bazkaltzen geratzeko, Mendiriz Mendi Elkartean eman behar da izena, otsailaren 9a baino lehen. Izena eman liteke, astelehen, ostegun eta ostiraletan, 20:00etatik 21:00etara, elkartean (Iturregi plaza). Telefonoz ere eman daiteke izena: 943 33 27 45. Guztia, dohainik da.