Hernaniko 5 ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek, uraren inguruko azterketa egin zuten joan den ikasturtean, Eskola Agenda 21en barruan, eta ekaina hasieran, orduko Udaleko ordezkariei, lan horretatik ateratako ondorioen berri eman zieten eta baita zenbait eskaera egin ere. Atzo, Udal berriko ordezkariekin bildu ziren eta iaz egin zituzten proposamenen eran-tzunak jaso zituzten. Eskaeren artean zeuden, iturri publiko gehiago jartzea, esaterako, Zubipen, Ugaldetxon... Luis Intxauspe alkateak, pixkanaka-pixkanaka jartzen joango direla azaldu zuen. Iturrien emaria edo presioa ere kontrolatzeko eskatu zuten ikasleek eta kontuan izango dutela gaineratu zuen Intxauspek.
Uholdeen eragina
Ibai ertzak garbitzea izan zen ikasleen beste eskaeretako bat. Alkateak nabarmendu zuen uda honetan saiatu direla aisi guneak, hau da, Latxe edo Fagollaga inguruak txukunago mantentzen eta hondakinak biltzeko ontziak jarri dituztela. Horrez gain, azaldu zuen orain dagoen zikinkeria haundiena uholdeen eraginagatik dagoela eta garbiketa sakona egiteko, udaberri aldean auzolana egitea dutela buruan. Elorrabiko zubia berriro jarriko dutela ere gaineratu zuen. Ur kontsumoa murrizteko eta ura aurrezteko kanpainen garrantziaz ere aritu zen Intxauspe eta bide horretan, Udalak lanean jarraituko duela azaldu zuen. Eta ura aurreztea denen kontua dela azpimarratu zuen. Ikasleak, ikasturte honetan, biodibertsitatea lantzen ari dira. Maiatzean emango diote Udalari, atera dituzten ondorioen berri.