hiahoka, HIzkuntza AHOtsaren eta KAntuen bitartez sentitzeko proiektua aurkeztu zuten astelehenean, Billabonako Mintzola Elkartean, proiektuaren sortzaile eta bultzatzaileek. HIAHOKA proiektu pilotua da eta euskera ikasteko edo hitz egiterakoan segurtasuna izateko, bide berriak ireki nahi ditu. Horretarako, kantu saioetan oinarritu dira. Proiektuaren sortzaileetako bat, Hernaniko Banaiz Bagara Elkartea izan da eta Petra Elser elkarteko zuzendariak eman zituen proiektuaren azalpenak, astelehenean. Azaldu zuenez, Mireia Otzerinjauregi eta Ana Elorza kantu irakasleek 2011n hainbat kantu saio eta tailer eman zituzten. Saio haietan, beste hizkuntzetatik eta beste kulturetatik etorritako ikasleekin euskal kantuak landu zituzten: ahoskatuz, errepikatuz, erritmoz... Teknika horiek kultur eragileekin konpartitu zituzten eta aldi berean, Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatutako ekitaldien bidez, hainbat kale kantu-jira eta kantu topaketetan parte hartu zuten.
Oinarria, ahozkotasuna
Elorza, kantu irakaslea, aurkezpenean izan zen astelehenean eta garbi utzi nahi izan zuen egitasmoa proiektu pilotua dela oraindik eta emaitzak ikusteko daudela, «nahiz eta aurrera egiteko aukera haundiak dituen». Egitasmoaren metodologiaren oinarria ahozkotasuna dela azpimarratu zuen eta hori ariketa sinple eta errepikakorrez lortzea dutela helburu.
Juan Luis Aranburu Kantuzale Elkarteko koordinatzaileak, etorkinen integrazioan kantuak duen garrantzia nabarmendu zuen. Hori horrela, dei egin zuen, aurrerantzean lan egitera, abestien bidez kultura ezberdinak elkar ezagutu eta haien artean hurbiltzeko.
Proiektu horretan oinarrituta, esku-liburua eta DVDa egin dituzte eta horiek ere aurkeztu zituzten.