Yogurrak, gaztak, ardi esnea... baserriko esneki ekologikoak, esku-eskura

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 25a, 01:00

Baserriko esneki ekologikoen makina martxan da Urbieta kalean, atzotik. Alkateak makinaren garrantzia azpimarratu zuen, bi zentzutan: «osasuna zaintzeko bidea ematen du, produktu ekologikoak salduta, eta ekoizle eta eroslearen arteko salmenta zuzena bultzatzen du».

Basosoro baserriko behi esnea erosteko makinaren ondoan, beste makina batekin egingo dute topo orain, herritarrek. Izan ere, atzotik, mar­txan dago baserriko esneki ekologikoak saltzen dituen makina. Bertan, esku-eskura daude yogur naturalak, behi eta ardi gaztak, mamia egiteko ardi esne gordina, gatzaia... Inaugurazioa atzo goizean izan zen eta bertan izan ziren, Luis Intxauspe Herna­ni­ko alkatea, Ainhoa Amun­da­rain Behemendiko gerentea eta Ramon Mugertza eta Fermin Murua, baserritarrak, hau da, produktuen ekoizleak (Gregorio Zuaznabar, hirugarren baserritarra falta zen). Intxauspek azaldu zuen horrelako iniziatibak oso garrantzitsuak direla, bi zentzutan: «Nekazaritza ekologikoa oso garrantzitsua da, bizitza eredu honetan, gure elikadura, osasuna zaintzeko bidea ematen baitu. Eta horrelako makinek aukera ematen dute erosle eta ekoizlearen arteko salmenta zuzena izateko; bitartekorik gabe». Alkateak gaineratu zuen, espero duela esne makinak bezalako arrakasta izatea eta pixkanaka produktu gehiago jartzea.

Kalitatea, ziurtatua
Ainhoa Amundarain Behe­men­diko gerenteak ere, zu­ze­neko salmentaren garran­tzia aipatu zuen: «halako ma­kinekin, Behemendi ahalegintzen da baserritarrei salmenta zuzena izateko aukera ematen, ahalik eta bitartekari gutxien izanda». Horrez gain, azpimarratu zuen, produktu horiek ematen dituzten ardi eta behiak ongarri kimikorik gabe elikatuak direla eta produktu horietan kalitatea ziurtatua dagoela. 

 Baserritarrak, aukera berriarekin pozik
 Ramon Mugertza eta Fermin Murua baserritarrak pozik azaldu ziren aurkezpenean, euren produktuak saltzeko aukera bat gehiago delako. Mugertza artzaia da, hernaniarra, Telleri-Zahar baserrikoa eta ardi esnea eta ardi gazta ekartzen ditu. Murua altzotarra da, Berakoetxe ba­serrikoa eta Anoetako Sarobe baserriko Gregorio Zuaznaba­rrekin, Behieko Sabekoetxea proiektua jarri du martxan. Euren behi esnearekin egindako yogurrak eta gaztak ekartzen dituzte. Atzo, herritar asko izan ziren makina berria ezagu­tzera gerturatu zirenak eta bide batez, salgai dauden produktuak probatzeko auke­ra ere izan zuten.


Produktuak eta prezioak

1/4 ardi gazta (Idiazabal)................. 7,50 euro

1/4 behi gazta........... 3,60 euro

1/2 behi gazta................ 7 euro

130gr yogur natural... 0,65 euro

400gr yogur natural... 1,60 euro

Ardi esne gordina....... 2,80 euro

Gatzaia........................... 3euro

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!