ELA sindikatuak salatu du, diru publikoa darabilten hainbat obratan ez dela eraikuntzako lan hitzarmena betetzen ari eta langileak oso baldintza txarretan ari direla lanean. «Urtean langile batek 1.690 ordu lan egin behar dituela kalkulatzen da, eta horiek 15 euro kobratu beharko luketeela ordua, baina asko 6, 7, 8 euro kobratzen ari dira», azaldu dio Kronikari Igor San Jose Gipuzkoako eraikuntza arloko ELAko arduradunak.
Arazoa zein den ere azaldu du: «obra batek zenbateko kostua izango duen aurreikusten da eta hori egiteko baimena enpresa batek hartzen du. Obra egiteko ardura duten enpresek subkontratatu egiten dute, lana merkeago egingo duten enpresak hartuz, eta horrek eragina dauka langileengan. Gehienak kanpotarrak dira, hemengo jendea ez dute nahi izaten egoera hori salatu egiten dutelako».
Obra publikoak aztertzen
San Josek azaldu du ELAk denbora daramakiela obrak aztertzen, batez ere, diru publikoa darabiltenak. «Lan baldintza onak publikoan betetzen ez badira, pribatuan ezta ere», dio.
Azken aldian jarraitu dituzten obrak izan dira, UTE Hernani (Urumeako bariantea), Galarreta, Loiolako Erriberak eta AHT. Barianteari dagokionean, honakoa azaldu du San Josek: «Diputazioaren eraikuntza izanda, baldintza batzuk sinatu ziren, horien artean, hitzarmena betetzea. Eraikuntza egiten hasi ziren bi enpresa, eta horiek subkontratatu egin zuten. Langile gehienak atzerritarrak ziren, 5, 6, 7 euro kobratzen zuten ordua eta ordu asko egiten zuten lan». Aurreko Diputazioarekin eta oraingoarekin harremanetan jarri ziren eta eskatutako aldaketak eman direla azpimarratu du.
Galarretako obrak direla eta, bilera atzo, Udalarekin
Galarretako proiektuko obrekin dabil orain lanean, ELA. Obra egiten ari den enpresa Orona da eta ELAko arduradunak azaldu du, abenduaren hasieran bi salaketa jarri zituztela, «lan hitzarmena ez direlako betetzen ari. Obra horretan, Frisi izeneko enpresa batek 45 langile ditu eta 12, 14, 15 ordu egiten dituzte lan egunean: 08:00etatik 00:00etara. Bizilagunek ere jarri dituzte hainbat salaketa. Errege egunean esaterako, goizeko 01:30etan oraindik lanean ari ziren». ELAk publikoki salatzea erabaki zuela gaineratu du San Josek eta eragina izan duela. Atzo, Hernaniko Udalarekin eta Sprilurrekin bildu ziren (Eusko Jaurlaritza). Diputazioarekin aste honetan biltzekoak dira. Oronarekin ere harremanetan jartzen saiatu direla azaldu du, baina ez dutela erantzunik izan.
Udala, Diputazioa eta Oronarekin hitz egitekoa
San Josek azpimarratu du Hernaniko Udala bera izan dela beraiekin harremanetan jarri dena eta bilera ondo joan zela. Udala, Diputazioarekin eta Oronarekin hitz egitekoa da.