Umorea eta ironia, gitarraren erritmora, Harkaitz Cano eta Beñat Barandiaranekin

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 24a, 01:00

Hernani’n Musik ekimenaren neguko egitaraua aurkeztu zuten atzo, Biterin. Urtarrila eta maiatza bitartean bost emanaldi izango dira eta lehenengoa ostiral honetan bertan izango da: Sidecar arima. Harkaitz Cano idazleak eta Beñat Barandiaran gitarristak eskainiko dute emanaldi hori.
Cano bera, aurkezpenean izan zen atzo eta emanaldiaren nondik-norakoak azaldu zitu-en. «Beñatek gitarra diferenteak joko ditu: elektrikoa, akustikoa... gama zabala. Fla­men­kotik heavyrainoko doinuak entzungo dira, eta ondoan nik, sidecar batean bezala, irakurketa egingo dut. Ez dira zehazki poemak izango, irakurriko ditut testu laburtuak, diario zatiak... saiatuko gara umore eta ironiaz zipriztintzen».
Emanaldia Biterin izango da, ilun­tzeko 20:00etan. Sarrerak salgai daude jada, 7 euroan, Biterin bertan.


Kalitatea eta ukitu berezia duten emanaldiak
Idoia Noble, ekimeneko arduradunak prentsaurrean azaldu zuen, orain arteko lau helburuak kontuan izan dituztela neguko denboraldi honetan ere. «Oraingo honetan ere, kalitatea eta aniztasunaren alde egin dugu, herriko artistek lekua izan dezaten saiatu gara, ukitu berezia emango duten lanak bildu ditugu eta emanaldiak herriko dinamikan txertatu nahi izan ditugu». Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, udazkenean izandako lau emanaldien aurrean, he­­rritarrek izandako erantzuna az­pimarratu zuen eta kasu ho­netan ere anima­tzeko eta go­­zatzeko gonbitea luzatu zuen.


Hernaniko artisten presentzia
Ekimena, Udalak eta Musika Eskolak babestua da eta Iñaki Eguren Musika Eskolako zuzendariak ere azalpenak eman zituen atzoko aurkezpenean. Noblek esan bezala, Hernaniko artistei presentzia ematen ahalegintzen direla azaldu zuen eta parte hartuko duten bi musikarien talentua azpimarratu zuen. Alde batetik, Jon Ansorena txistularia izango da otsailaren 24an, Deriva Errant-en aurretik, eta bestetik, Aritz Ostolaza klarinete jotzailea, maiatzaren 11n, Urval Ensembleren aurretik. Beste bi emanaldiak izango dira: martxoaren 23an, Faust film mutua The Silent Band-ek zuzenean musikatua, eta Ana Belen Garciaren organo emanaldia. 

Klarinete laukotea, bukatzeko
Azken emanaldia maiatzean izango da eta Urval Ensemble klarinete laukotearen eskutik izango da. Mikel Emezabal taldekidea izan zen atzo Biterin eta argi utzi zuen klarinete laukotea nahiko klasikoa izan arren, ez direla horretara mugatzen: «gaiak jorratzeaz gain, fragantziak, sentimentuak lantzen ditugu. Gure nortasuna bilatzeko moldaketak ere egin ditugu. Ohikoak ez diren klarineteak jotzen ditugu, esaterako». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!