Euskal herriko kluben arteko txapelketan maila ona erakutsi dute hernaniarrek. Jubeniletan finalera iritsi diren bi bikoteak, A. Irazustabarrena-M. Huizi eta E. Pagola-A. Arrieta, hernaniarrak izan dira. Partiduan zehar aurretik ibili dira Pagola eta Arrieta, baina hogeita bat tanto egin ostean, bost aldiz berdindu du Irazustabarrena-Huizi bikoteak, eta baita garaipena lortu ere, markagailuan alde txikia utzita: 30-27.
Nagusietan ere finalean
Nagusietan ere ederki ibili dira G. Manzisidor eta M. Senper, A. Garmendia alegitarraren eta M. Mendizabal anoetarraren aurka. Baina azken bikote honek lortu du garaipena, 14 eta 30. Hernaniarrak ondo ibili dira eta tanto politak lortu dituzte. Hala ere, Mendizabal anoetarra indartsu aritu da, eta mota guztietako tantoak lortu ditu. Garmendia alegitarrak ere oso ondo babestu du bikotea aurrean, pelota atzera indartsu botaz.
Hernaniko pelota elkarteko ordezkari Garbiñe Tijerok jaso du jubenilen kategorian Hernanik irabazitako kopa. Bere hitzetan, «ajola duena ez da asko edo gutxi jakitea, ikasten jarraitzeko erakutsitako gogoa baizik».