Hernaniko herritar talde batek talde bat sortu du, txotx garaian herrian izaten diren arazoak salatzeko. Ondoloin izena jarri diote taldeari, eta atzoko irekiera ekitaldian oharrak banatu zituzten, beraien egoera eta protesta azaltzeko. Talde honen eskaera nagusia da, herrian debate zabal bat sortzea, gai honen inguruan, eta Udalari eskatzen diote, bultzatu dezala horrelako prozesu bat.
Atzo banatutako oharrak dioenez, Udalaren eta bizilagunen pasibotasunari esker edukazio arrastorik gabeko aisialdia praktikatzeko leku bihurtu da Hernani, eta horren ondorioz, Kaxkoko bizilagunek egoera latza bizi dute. Txotx tradizioa maite dutela ere badiote, baina arazoak ezin direla ezkutatu: «liskarrak, sekulako zarata, txotx denboraldiaren ospe-galtzea, pixarrakak, droga kontsumoa... denak herriko haur eta gaztetxoen begibistan gertatzen dira». Nazkatuta, umiliatuta eta abandonatuta sentitzen direla ere azaldu dute. «Oinarrizko eskubideen defentsan pauso bat eman nahi dugu. Zergatik sufritu behar dugu hau?».