Inoiz ez omen du ahaztuko Josune Bereziartuk, Hernanik egin dion harrera ona. Hala adierazi zuen atzo munduko eskalatzaile onenetakoak, Hernaniko txotx denboraldiko irekiera ekitaldian. Gudarien plazan jendetza zela, Goiko Lastolako Laxaro Etxabek ireki zuen kupel haundia, eta gehienek egin zioten tragoa, aurtengo sagardo berriari.
Bisitari guztiei gonbitea egin zien Luis Intxauspe Alkateak, Hernanira etorri, eta giro onean disfrutatzeko, bai herrian eta bai 12 sagardotegietan.
Sagardoa, sagardotegiak, eta Kaxko Historikoa
Gero eta urrutiagotik etortzen dira bisitariak Hernanira, munduan berdinik ez duen txotx denboraldira. Sagardoa probatzeko garaia da, sagardotegietan gozatu, eta herri giroan murgiltzekoa. Aurten, eskaintza berezia jarri du Udalak, Kaxko Historikoa ezagutu, eta sagardo mundu horri buruz azalpenak entzun nahi dituenarentzat; sagardo-kata eta guzti.
Luis Intxauspe Alkateak azaldu zuen Udalaren eskaintza berria, eta txotx denboraldiaren garrantzia azpimarratu zuen. «Ohitura zaharra delako, eta krisi egoera honetan garrantzia duelako ere bai, aktibitate ekonomikoa mugitzen duenez. Zuzeneko eta zeharkako lana sortzen du garai honek».
Horrez gain, azpimarratu zuen, jende uholdea sortzen dela, eta garrantzitsua dela denek errespetuz jokatzea «bai sagardotegietan, eta bai herrian bertan».
Hasiera, festa giroan
Atzoko protagonista festa giroa izan zen. Josune Bereziartu omendu zen atzo, eta bertso, txalaparta, herri kirol eta abarrekin txotx-festa herrikoia egin zuten herritarrek, aurtengo sagardoaren izenean. Aurtengoa ere, ederra omen dator gainera.