NIKERBOKER galtzak janzten zituzten, bonbatxo itxurakoak; Tilosetan dantzatu eta ligatzen zuten igandetan, eta dantzaldia bukatutakoan, galtzerdi edo korbatak zozketatzen zituzten; zurrukutuna hartzen zuten juerga ondorengo egunean, ajeari aurre egiteko; Hernaniko tabernetan, kazuelitak jartzen zituzten baserritarrentzat; euskera etxean eta lagunartean bakarrik hitz egin zitekeen; Udala eta eliza ziren, eraikin nagusiak; Txirrita, Juan de Urbieta eta Garcia Goldaraz, pertsonai ilustreak... Hernaniren inguruko kontu horiek eta askoz gehiago kontatzen dituzte Joxe Migel Arana eta Tomas Alonsok, nieuskalduna.metroo.es blogean. Hernaniarrak dira biak, eta Euskal Herriaren historia kontatzeko proiekturako aportazioa egin dute, Hernaniri buruzkoa.
20 herritako kontuak, oraingoz
Hernaniko eta Euskal Herriko beste 19 herrietako historiak bildu ditu Ni euskalduna bideoblogak. Aiton-amonek kontatutakoak dira guztiak, eta helburu dute Euskal Herriko herrien memoria historikoa biltzea, euskalki ezberdinak tartekatuta. Guztiak blogean daude ikusgai, bideoan kontatzen denaren azalpen batekin.