«Lehendabiziko pausoa da, konfiantza eta garantia ematea bezeroari». Sagardo Mahaia elkartean 13 sagardotegi daude egun, eta denen artean Gorenak izeneko marka sortu zuten joan den denboraldian. Tartean dira, Hernaniko hiru sagardotegi: Altzueta, Olaizola eta Zelaia sagardotegiak. Oso garbi daukate zein den bere helburua: «Garantia bat bezeroarentzat. Gorenak etiketa duen edozein marka erosita, jendeak konfiantza behar du sagardo ona edango duela, kalitatezkoa». Joan den urtean 6 miloi botila merkaturatu zituzten Gorenak markarekin, eta aurten ere kopuru hori edo gehixeago izango dutela diote arduradunek.
Sagastietan, etengabeko lanean
Merkatura atera eta lehendabiziko urteak emaitza onak eman dituela diote Gorenak-eko kideek. Diotenez, salmentak zuzeneko lotura du eguneroko lanarekin, eta hobetze bidean etengabeko lana egiten ari dira, sagastitik hasita, botilaraino. Sagastiak Euskal Herrian dituzte, gehienak Gipuzkoan, eta 100 hektarea homologatuak. Bertako sagarra, eta kanpokoa ere ibiltzen dute, baina urtero, konpromisoa hartua dute sagasti horietako sagar guztia hartzeko. Sagasti gehiago jarri eta horien produkzioa haunditzea eta hobetzea, hori da etorkizunerako asmoa.
Kontrola eta katak, botilako sagardoari
Ahoan sagardoak duen zaporea da, azken batean, sagardo bat gustoko edo ez egiten duena. Gorenakeko kideek diote, hori erabat egiten ari direla, eta kata itxuak eginez, eta abar, hor gero eta gehiago joan nahi dutela hobetzen, 13 sagardotegien izaera mantenduta, baina minimo on batzuk izanda. Azideza kontrolatu eta ekilibratzea, botilan sagardoaren jokaera kontrolatzea... bide horretan segiko dute lanean.
Basque Culinary Center, eta beste apustu batzuk
Geroari begira, ilusio eta indar haundiz daude Gorenak-eko kideak. Basque Culinary Centerren sagardo ofiziala dira, eta elkarlan horrek fruituak emango dituela diote. «Betikoak gara, eta oso bizirik gaude, gauzak egiteko gogoarekin».