«Historian zehar ura baino gehiago edan izan da hemen sagardoa. Garai hartara ez gara bueltatuko, baina merezi duen lekua eman beharko genioke hemengo sagardoari». Jose Luis Medranok dioenez, apustu garrantzitsua egin du Itxasburuk Eusko Label Ziurtagiria duen sagardoa egiteko. 75.000 litro sagardo egin ditu aurten Itxasburuk, eta horietatik 20.000 litro Eusko Label ziurtagiriarekin aterako ditu merkatura, apirila-maiatza aldera. Txotx denboraldian ere, Eusko Labelera bideratutako kupeletako sagardoa probatzeko aukera izango dute Itxasburura inguratzen direnek.
Bertako sagarra, eta bertako baserritarrak
%100 bertako sagarrarekin egindako sagardoa da Eusko Labela, eta Kalitatea Fundazioak ziurtatzen du hori. Medranok dio, beti erabili izan dela bertako sagar asko, sagardoa egiteko, baina izen eta abizen bat behar zituela horrek. «Izena eta abizena behar zituen hemengo sagardoak, eta hori lortu dugu ziurtagiri honekin. Itxasburun, berez, sagardo guztia bertako sagarrarekin egin dugu, eta beraz, dena Labelean sartu genezakeen. Hala ere, prozesu honek kostu bat duelako, Labeleko botilaren prezioa igo egiten da, eta horregatik, oraingoz kupeltegi osoa ez dugu Label gisara botilan sartuko. Oraindik garaiz da jakiteko nola erantzungo duen erosleak. Horregatik, zati bat Label ziurtagiriarekin aterako dugu, eta beste bat, gure betiko etiketarekin». Medranoren ustez, bertako baserritarrentzat ona da Eusko Label ziurtagiri bat izatea. «Aukera baldin badaukagu dirua bertako baserritarrei emateko, zergatik joan behar dugu kanpora sagar bila? Bertako diruak bertan geratu behar duela uste dut nik. Komeni zaigu guri, eta gainerakoei ere bai».
«Sagastia, inbertsio polita»
Itxasburuk garbi dauka, apustua non egingo duen. «Nik edozein baserritar animatuko nuke, terreno bat hartu, eta sagastia jartzera. Inbertsio polita iruditzen zait, eta epe motzean diru-etekinak emango dituena. Gu ilusio horrekin ari gara. 3 hektarea sagar baditugu, eta haunditzeko asmoak ere bai».
Kontrol zorrotza, hasieratik bukaerara
Esfortzua ere berekin dakar, horrelako apustu bat egiteak. Kalitatea Fundazioak inspektoreak bidaltzen ditu sagastara eta sagardotegira eta prozesu guztia kontrolatzen dute: sagarra, bilketa, jotzeko momentua, kupeleratzea, enboteilatzeko momentua... «Sagastia zaindu egin behar da, kimatzetik hasi eta ongarritzeraino. Sagarra kontrolatu, mostoa analizatu, kupela prezintatu... eta botilan sartu aurretik laborategian analizatu, eta dastatu egiten dute 5 teknikok, Eusko Label etiketarekin merkatura atera litekeen esateko».
Txotxerako prest
Itxasburuk ireki ditu ateak, eta nahi duenak probatu dezake sagardoa, bai Eusko Labelera bideratutakoa eta beste kupeletakoa. «Sagardo ona egiten segi behar dugu, eta markak alde batera utzita, sagardogile guztioi dagokigu sagardoa leku onean uztea».