Pausoak ematen, etorkizunera

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 22a, 01:00

Berrikuntza Planean murgilduta eta zuzendaritza berriarekin ekin dio urteari Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. Gipuzkoako 51 sagardotegi biltzen ditu elkarteak, sektorearen %80, eta tartean dira Hernaniko zortzi.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak Gipuzkoa guztiko 51 sagardotegi biltzen ditu gaur egun, horietatik 8 Herna­ni­ko­ak: Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Itxas-Buru, Larre-Gain, Otsua Enea eta Rufino. Elkartea ofizialki 1977an sortu bazen ere, Gerra aurrean bil­tzen omen ziren Gipuzkoako sagardogileak beren interesen alde. Gipuzkoako Elkarteak azpimarratu duenez «Gipuz­koa­ko sagardo sektorearen %80 ordezkatzen dugu sagardotegi kopuruan eta %70 egiten den sagardo litro kopuruan. Horrez gain, azpimarragarria da, Euskal Herrian egiten den sagardo sagarraren %80tik gora Gipuzkoako Sa­gardogileen Elkarteko sagardotegiek hartzen dugula». Hala ere, Gipuzkoako Sagar­do­gileen Elkarteak uste du asko dagoela egiteko bertako sagarraren aldeko apustu horretan: «Elkarteko sagardotegi asko dira bi urtean behin sagardo guztia bertako sagarrarekin egiten dutenak, baina ez-urtea etortzean kanpora jo beharra izaten da. Bertako produktu baten alde egin nahi bada, sagastiak urtero emateko moduan antolatu behar dira, sagar mota egokiak bakarrik aldatu, sagar barietateka bildu ahal izateko moduan planifikatu sagastia eta abar luze bat. Lan asko dago hor egiteko eta Elkartea hori babestu eta bul­tzatzen ari da». Bestalde, Elkarteak garbi dauka sektoreak bi apustu garbi dituela: botila eta txotxa. «guk dakigula, munduan beste inon ematen ez den ohitura bat izateaz gain, txotx garaia oso garrantzitsua da guretzat, eta hori zaindu nahi genuke, ondo planifikatuta, sagardogileon­tzat ez ezik sektore askorentzat izan bailiteke garrantzitsua». Bestalde, botilako sagardoari ere indar eman nahi dio El­kar­teak: «kontsumitzaileari azaldu nahi diogu zer dagoen sagardo botila baten atzean, zein ezaugarri dituen hain gurea den produktu honek, eta nola ez, etengabe hobetzen joateko bideak jartzea ere bada gure erronka».

Helburua, HiruB plana garatzea
Elkarteak Berrikuntza Plana egin berri du HiruB izenarekin (3 B: Berrikuntza, Beharra eta Batera). Bertan, 2012-2015 urte artean garatu ahal izateko 26 ekintza biltzen dira, horietako batzuk dagoeneko martxan badaude ere. «Elkarteak gauza asko egiten ditu, Elkartekideen alde nahiz sektorerako, baina ekintza guzti horiek ordenatu nahi izan dira, eta zer behar gehiago dauden ikusi eta proiektu berriak planifikatu, Elkartekideak eta sektorea etor­kizunerako prestatzeko. Hel­buru horrekin prestatu du­gu HiruB proiektua, datozen lau urteotan garatuko duguna» azpimarratu dute. Zenbait proiektu martxan daude dagoeneko, horietan bat kontsumi­tzailearentzat interesgarria izan litekeena: «internet bidez sagardoa saltzeko web orria egina dago, www.sagar­do.com eta www.sidranatural.com helbideetan eta hilabete honetan bertan jarriko da indarrean».

Arantxa Eguzkizak segiko du lehendakari, zuzendaritza berrian

Bederatzi kide izango ditu elkarteko zuzendaritza berriak.

2011ko abenduan izan zen Elkarteko zuzen­daritza berria eratzeko batzarra, datozen lau urteetarako, eta Hernaniko Iparragirre sagar­dotegiko Arantxa Eguzkizak jarraituko du lehen­dakari izaten, batzarrak aho batez onartuta. Azken lau urteotan izan duen zuzendaritza bera izango du ondoan, aldaketa bakarrarekin. Zuzendaritza honela geratu da: Ibon Aburuza (Adunako Aburuza sagardotegia);  Hur Astarbe (As­ti­garragako Astarbe sagardotegia); Ainara Otaño (Astigarragako Petritegi sagardotegia), Gabriel Lizeaga (Astigarragako Lizeaga sagardotegia), Iñaki Bengoetxea (Irungo Ola sagardotegia) eta Pako Calonge (Donostia-Igeldoko Calonge sagardotegia). Ordezkoak berriz, Patxi Azkonobieta (Usurbilgo Urdaira sagardotegia) eta Napoleon Lertxundi (Usurbilgo Saizar sagardotegia).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!