«Saiatzen gara mantentzen, garai bateko sagardoa; betikoa»

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 22a, 01:00

Aurten sagardo eginagoak bilatuko ditu bezeroak, txotx denboraldiaren hasieratik, baita Larre-Gainen ere. Sagardo politak daudela dio Joxe Lasartek, eta txotxerako prest daudela, urtero bezala. Krisiak sortzen duen kezka punttuarekin, baina betiko bezeroekin konfiantzaz, hala ekingo diote aurtengo denboraldiari. Aurten ere, autobusean joateko aukera dauka Larre-Gainek, eta bezeroek bereziki estimatuko dituzte: sagardoaz gain, bakailoa tomatearekin famosoa, etxeko giro gozoa, eta paisaje paregabea.

Larre-Gain sagardotegiak sagardo berezia egiten du, eta hori badakite betiko bezeroek. Garai bateko sagardoa, beti-betikoa bilatzen dute Larre-Gainen, gusto berrietara pittin bat egokitua, eta xuabeagoa. Hortik abiatuta, dena zaintzen dute Larre-Gainen: lekua, paregabea; jeneroa, zain­dua; eta tratua, etxekoa.

Sagardo egin xamarra, denboraldi hasieran
Egin xamarrak daude sagardoak, aurten, denboraldia hastear dela. Sagarrak azkar hartu du heldu-puntua, eta urri bukaera alderako jo dute sagardotegiek, ia dena. «Sagar urte ona izan da aurtengoa ere», dio Lasartek. «Azken urteak onak izan dira hemen, inguruan. Sagastiak gehiago kontrolatzen dira, eta horrek ere izango du eragina. Tolosa bitartean sagar dezente izan da aurten; Goierrin ez dute halako zorterik izan, iaz ez bezala». Sagarrak sagarrari eragiten, eta aurten mikatz puntua hartua dute sagardoek, dagoeneko. Hala ere, etxe bakoi­tzak bere sagardo-tipoa egiteko arazorik ez omen da izaten. «Guk gure sagardoa bilatzen dugu, eta sagarra hasieratik kontrolatuz gero, lortu liteke norberak nahi duen horretara inguratzea. Sagardoak trasegatzen dira, batetik bestera, eta gazia gezagoarekin nahastu liteke, nahi dena hura lor­tzeko. Teknika berriek ere laguntzen dute, eta erabiltzeko daude».

Analisiak, hasieratik
Sagardoa kontrolatzeko mo­du bat da, hasieratik analisiak egitea. Larre-Gainek ere badu bere teknikoa, eta horrez gain, Fraisoro laborategia ere horretarako dago, Lasartek dioenez. «Fraisoro hor egoteak badu bere garrantzia. Kostua du horrek, baina nahi dena analizatzeko bide bat da, interesgarria. Teknikoek ere la­gun­tzen dute. Hor, berebiziko garrantzia du kontrola eramateak, lehendabiziko mostotik, azkeneko emaitza bitarte.»

Betebeharrak, denentzat
Merkatuak baditu bere esijen­tziak. Etiketa jartzeko, sagardo batek parametro jakin ba­tzuk bete behar izaten ditu, eta hor denek pasa behar dituzte kontrolak. «Besteek bezala, Larre-Gainek ere betebeharrak baditu, legea bete­tzeko, eta parametro horietan sartzen gara. Gero, kalitatezkoa den edo ez, bezeroek esaten dute». Bezeroekin gustora Krisi hotsak iritsi dira sagardotegietara ere, eta bildur puntu bat denek daukate, nola joango ote den denboraldia. Dena dela, bezeroek ondo erantzuten dutela dio La­sartek, Larre-Gainen kasuan. «Betiko bezeroekin lan haundia egiten dugu Larre-Gainen, eta oso ondo erantzun dute, azken urteetan; bai txotxean, eta bai botila salmentan». Etxetik saltzen dute gehien­bat botilakoa, eta inguruan. «Denda eta taberna pare batean ere jarri dugu, baina gehiena ber­tan saltzen da, Larre-Gainen».

Botila bezala, txotxa ere behar
Txotxerako toki paregabea da Larre-Gain. Dagoeneko zabaldu dituzte ateak, eta irekita izango dute maiatzaren 6ra arte. Txotx denboraldiak badu bere garrantzia, Larre-Gain sagardotegian. «Biak behar ditugu guk, botila eta txotxa». Asteartetik ostegunera afa­riak ematen dituzte; ostiral eta larunbatetan bazkariak eta afariak; eta igandean bazkariak. As­telehenetan itxita egongo da.

Antxoillekin hasi, bakailotik segi, eta txuleta, bukatzeko
Mokadu goxoak jartzen dituzte Larre-Gainen. Mokofinenek badakite, hasi eta buka, gustora egingo dituztela bertan. Bertako produktua ibiltzen dute gehiena (haragia ez beste), eta badituzte bereizgarri batzuk. «Betiko menua daukagu, baina plater bereziak baditugu, bakailoa tomatearekin, adibidez. Hori menuan dago aukeran; menutik kanpora, enkarguz eskatuz gero, bakailoa saltsan jartzen dugu. Eta hori bai, hasteko, besteetan txorixoarekin bezala, Larre-Gai­nen antxoillekin hasten gara».

Autobus zerbitzua
Garaiak aldatzen ari dira, eta gero eta gehiago dira sagardotegira kotxean joan nahi ez du­tenak. Horretarako, auto­bu­sa jarriko dute aurten ere Larre-Gain sagardotegira, Her­­na­ni­tik joan-etorria egiteko.

«Zer ikusi haundia du sagarra zaintzeak, biltzen den garaitik,
jotzen den arte»

Joxe Lasartek dio, bertako sagarra zaintzea errazagoa dela, eta beraiek bertako sagarra darabilkitela urtero, ia dena.

«bertako sagarrarekin be­tetzen dugu bodega, urtero. Batzuetan, kanpotik pixka bat ekarri behar izaten da, bai­na oso gutxi. Aurten %90 bertako sagarra ibili dugu, eta %10 kanpokoa». Bertako sagarra ibiltzeak badu bere garran­tzia, Joxe Lasartek dioenez, bertako baserritarrekin lan egiteagatik, eta, kontrolatzea errazagoa delako, hasieratik bu­kaerara. Hurren­go apustua, etxean bertan sagasti gehiago jartzea dute, Larre-Gainen.
Sagarra da sagardoaren funtsa. Eta bigarrena ona nahi bada, lehenengoa ezin deskuidatu, noski. Lasarte iritzi horretakoa da. «Zer ikusi haundia du sagarra zaintzeak, biltzen den garaitik jotzen den arte. Guk etxeko sagarra eta inguruetakoa ibiltzen dugu, eta badakigu zer daukagun, urtero. Hernani, An­doain... Gipuzakoako sagarra darabilkigu. Badakigu nola dagoen sagasti bakoitza, eta beraz, zenbat izango dugun bakoitzetik: gazia, geza, gozoa, mikatza...». Sagar ur­te­rik onenetan ere, Larre-Gai­nek sagar guztia hartzen die konpromisozko baserritarrei. «Konpromisoa hartua daukagu bertako sagar-zaleekin, eta haiena bukatu arte, ez dugu kanpotik ekartzen. Urterik onenetan, gure bodega beteagatik, kilo bat sagar bildu gabe ez da geratzen. Gero, kanpora saldu behar izaten da sagar hori, batzuetan».

Sagar-ondo zaharrak kendu, eta berriak aldatu
Etxeko sagarra ere ibiltzen du Larre-Gainek. «Sagarrondo za­harrak kendu eta berriak jartzen ari gara. Sagastia mantentzeak dezenteko lana du, eta egoki jarri behar dira. Horretan ari gara gu, eta ho­rretan segiko dugu pixkanaka, ahal dugun neurrian». yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!