Josune Bereziartu eskalatzaileak egingo dio lehendabiziko sagardo tragoa Plazan jarritako kupel haundiari. Hernaniko txotx denboraldia hortxe abiatuko da, eta hiru hilabetez zabalduko dira Hernaniko 12 sagardotegietako ateak. Mundu mailan inon ezagutzen ez den mugimendua da txotx denboraldia. Hernanik, sagardo-herria izaki, produktu gastronomiko berezi honi babesa eta bultzada emango dizkio, gaur, Plazako ekitaldi ofizialarekin.
Trikiti, bertso, txalaparta... eta txotx!
Trikitilariek kalean abisua emanda, 12:00etan bilduko dira hernaniarrak Gudarien plazan, txotx irekierara. Josune Bereziartu eskalatzaileak sona haundia dauka kirolarien munduan, azken urteetan egindako ibilbideagatik. Munduko eskalatzaile onentsuena izateaz gain, emakumezko kirolari gisa ere erreferentzia bihurtu da lazkaotarra, eta gaurkoak errekonozimendu bat izan nahi du, egindako lanagatik. Lehenengo txotxa egin aurretik, bertsoak eta hitzak izango dira, ekitaldi txiki bat, eta txotx herrikoia eginda, txalapartariak, Mugerza aizkolaria eta Perurena harri jasotzailea ariko dira.
Sagar Lasterra eta Martxa
Aurten bi ekitaldi antolatu ditu Udalak, txotx denboraldirako: Sagar Lasterra, otsailaren 25ean; eta Sagar Martxa, apirilaren 1ean.
Txotx Eguna - Gaur
11:00-11:45: Trikitilariak.
12:00: Ekitaldi Nagusia, Bertsolariak, hizlariak, eta Josune Bereziartu eskalatzailea.
12:00: Txalapartariak.
13:00: Herri kirolak: Ugaitz Mugerza aizkolaria eta Iñaki Perurena harri jasotzailea.
Txotx Denboraldia
Otsailak 25: VI.Sagar Lasterra Goizeko 11:00etan Ibarluze Poligonoan hasi eta kiroldegian bukatu (8,2 km). Autobus zerbitzua bueltatzeko, kiroldegian.
Apirilak 1: Sagar Martxa. Goizeko 09:00etan Udaletxetik. Hernaniko sagardotegi eta sagastietan barrena, 9 km-ko oinezko ibilbidea.