Goizuetan ospatuko da aurten UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) eguna, hala erabaki zuten joan den asteburuan Zumaian egindako bileran. Fetxa ere jarri zuten: ekainaren 9a. Orain, eguna bera antolatzeko lanean hastekotan dira. Azaldu dutenez, otsailean egingo dituzte aurreneko bilerak, egun haundirako egitaraua prest izateko. Umeentzako tailerrak, euskaraz aritzeko guneak, kontzertuak, herri bazkaria eta beste hainbat ekitaldi izaten dira, urtero, egun honen bueltan antolatzen direnak.
Inplikazioa, ezinbestekoa
Antolatzaileek azaldu dutenez, halako egun bat borobila izateko ezinbestekoa da udalerri euskaldunetako herritarren inplikazioa, hala nola, kulturan, kirolean, folklorean, artisautzan edo beste edozein ofiziotan diharduten pertsonena.
Euskararen aldeko
aldarrikapena egin, eta eguna erreferente bihurtu
Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzearen arrazoia da mankomunitatearen eta euskararen aldeko aldarrikapena egitea. Azpimarratu dutenez, eguna erreferente bihurtu nahi dute herri euskaldunetako herritarren eta euskalzaleen artean.
19 herritan, egina
Joan den urtean Bergaran egin zen eguna, eta aurretik, beste 18 herrik izandute ardura hori: Lizartzak, Aizarnazabalek, Aramaiok, Oiartzunek, Arantzak, Zeanurik, Irurak, Arbizuk, Aulestik, Bermeok, Lekeitiok, Ezpeletak, Azkainek, Maulek, Alegik, Azpeitiak, Berak eta Mallabiak.