Hernaniko arraunak hazten jarraitu nahi du

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 21a, 01:00

IÑIGO GOÑI

Hernani Arraun Elkarteak gaur hasiko du batel ligaxka Orion, eguerdiko 12:30etan. Orain bi aste hasi zuten arraunlariek denboraldia eta jada bi estropada jokatu dituzte Donos­tian eta Tolosan, baina estropada ofizialen hasiera gaur izango da.
Hernaniko elkarteak inoiz baino arraunlari gehiago ditu, 60 neska-mutiletik gora bai alebin, bai infantil, bai kadete, bai jubenil eta bai senior mailetan eta itxaropen handiak dituzte aurtengo denboraldian. Elkar­tea gero eta handiagoa da eta jende gehiagok osatzen du. Hernaniko arraun sendia izugarri hazi da azken urteotan. 2007 urtean irten zen azkenengoz trainerua uretara Xabier Zabalaren agindupean. «Senior mailako arraunlariak genituen eta denboraldia amaitu ondoren ezin izan zen trainerua osatu hurrengo urterako. Ez zegoen harrobirik, beheko mailetan arraunlari bakar bat ere ez zegoen» eta behetik arraunlari gutxi batzuekin hasi zen lanean 2008 urtean.
Lan horren fruituak oraindik ere biltzeko daude baina lehen emaitzak azaldu dira urtetik urtera. Gero eta gazte­txo gehiago hurbildu dira Elorrabira aurtengo jende uholdera iritsi arte.

Elorrabiko zubirik gabe
Eta uholde bat izan da protagonista denboraldi hasieran. Azaroan Elorrabiko zubia bota zuen uholdeak eta horrek arazo asko eragin ditu elkartean. «60tik gorako talde bat eramaten ez da erraza, jendearen laguntza behar da, eta gainera zubiaren arazoa eransten baldin bada esfor­tzua areagotu behar da» diote elkartetik.
Ia bi hilabete egon zen zubia uretan eta entrenamenduak ezin izan ziren behar bezala egin. Orain Urumean ez dago zubirik eta bi hertzak lotzen zituen Elorrabi zubi esanguratsua desa­gertu egin da. «Konponbidea behar dugu. Zubi berri bat eraiki behar da elkarteak lana behar bezala egiteko eta herriak ere behar du zubi hori. Hernaniko historia bizia da onerako eta txarrerako ere bai. Herriko ikurretako bat da. Bertan ikasten zuen jendeak igeri garai batean. Hernaniko igeriketa taldeak hasiera batean Elorrabi izena hartu zuen esate baterako. Arraun taldeak bizipen asko ditu bertan. Estro­pada eremua ere izan da eta orain ezin da batel estropadarik antolatu zubia ezean». Dago­kionari konponbidea ahalik eta azkarren jartzeko eskatzen dute Hernani Arraun Elkartetik.

Kirol maila ona
Aurtengo denboraldiari begira itxaropentsu ageri dira arraun taldeko arduradunak. «Garran­tzi­tsuena gazteak kirola egiteko beste aukera bat izatea da, baina ez da alboratu behar lehiaketa. Alebin ugari ditugu eta batelen ligaxkan eta txapelketetan beste maila guztietan egingo da arrauna. Hamarretik gora infantil ditugu mutiletan eta maila onekoak. Infantil eta kadete neskak ere hamarretik gora dira, kadete mutiletan bost arraunlari ditugu, jubenil eta senior nesketan beste hamar inguru, jubenil mutiletan hamaika arraunlari daude eta sei arraunlari senior mailakoak. Esperantzak badaude zerbait polita lortzeko maila ederreko arraunlariak daude eta».
Hiru entrenatzaile daude lanean neska-mutilekin eta aurtengo denboraldia aurrera-pauso bat bezala ulertzen dute. «Elkarte bezala arraunlari hauekin batera goruntz joatea da helburua eta etorkizun motz batean neska eta mutilen trainerua berriz ere uretara irtetea. Gauza polita litzateke behe-behetik hasitako arraunlariak nola hazi diren ikustea eta beraiekin batera elkartea indartzen ikustea. Ederra litzateke Elorrabi trainerua uretan ikustea ez bakarrik mutiletan baita nesken mailan ere». Badirudi ez dagoela hain urrun helburu hori.
Elkarteko ateak edonoren­tzat zabalik daude. «Urtetik urtera gero eta jende gehiago etorri zaigu eta datorren urterako tendentzia mantentzea espero dugu. Hasten den gehienak jarraitu egiten du giro ederrean kirola egin, bata bestearekin elkartasuna sortu eta lehia bera ere ikusten baitu arraunlariak».
Gaur, Orion batel ligaxka hasiko da eta beste urte betez Hernaniko elkarte eta arraunlariak bertan izango dira lehian oraindik gehiago hazteko asmotan, ez bakarrik kopuruan baita emaitzetan ere.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!