Sanmarko Mankomunitateak, kanpaina berri bat jarri du abian, ahalik eta hondakin gutxien nola sortu ikasteko. Kanpaina eskoletara zuzendua dago. Guztira, 66 eskolari, 132 gelari eta 2.814 ikasleri egin diete deialdia eta horien artean daude Hernaniko Urumea ikastolako ikasleak.; Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleak, hain zuzen.
Joan den asteartean, ordubeteko saio bat egin zuten eta datorren asteartean, bigarren saioa eta azkena izango dute. Talde batek, arratsaldeko 14:30etatik 15:30etara izango du saioa eta beste taldeak, arratsaldeko 15:30etatik 16:30etara. Gaia lantzeko, jolasak, tailerrak eta froga parte-hartzaileak egiten dituzte, besteak beste.
Hiru helburu nagusi
Sanmarkotik jakinarazi dutenez, kanpaina honek hiru helburu nagusi ditu: alde batetik, eskola, ohiturak aldatzera bultzatzea, ingurunean hondakin gutxiago sortzen lagundu dezan; bestetik, hondakinek dakarten arazoari buruz eta hori konpontzeko denon parte-hartzearen premiari buruz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea; eta azkenik, hondakinen inguruan arreta berezia jartzea prebentzioan (hondakin kantitatea gutxitzea eta horiek berrerabiltzea), gaikako bilketa alde batera utzi gabe.
Hernaniko gainerako ikastetxeek,
gaia dezente landua
Hernaniko gainerako ikastetxeak ez dira kanpainan sartu, Sanmarko Mankomunitateari azaldu diotenez, gaia dezente landu zutelako aurreko bi ikasturteetan, atez ateko bilketa sistemaren eraginez, eta Eskolako Agenda 21 programarekin landu den gai bat izan delako.