Herri barruko autobusak astebeteko proba, datorren astean, Karabel eta Portu auzoetan

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 21a, 01:00

Herri barruko autobusak astebeteko proba egingo du astelehenetik urtarrilaren 31ra  bitarte, eta zerbitzua eskainiko du, goizez, Karabel eta Portu auzoetan. Zerbitzu berri hori probatzeko arra­zoia, batez ere,  Udalarentzat izan da, Karabel auzotik Elizatxo ikastolara hurbiltzen den ikasle kopurua eta bertara iristeko duten arazoa, eta osasun zentrora gerturatu nahi duten adine­koen beharra.
Udalak azaldu du, ahalik eta zerbitzu onena eman nahi duela eta horretarako, ordu­tegi eta ibilbideak aldatzen joan direla eta joango direla, erabiltzaileen beharretara ego­kituz.

Hiru irteera
Astelehenetik martxan jarri­ko den probako zerbitzuak hiru ordutegi eta irteera puntu izango ditu. Lehe­nengo autobusa, goizeko 07:45etan aterako da Karabel 8tik gertu. Garraio publikoa hartzeko aukera izango dute ikasleek, institutura joateko, eta baita osasun zentrora aurreneko orduan joan behar dutenek ere. Bigarrena, goizeko 08:50etan aterako da Karabel zubiko ixkinatik. Ikasleek Elizatxo ikastolara hurbiltzeko aukera izango dute eta baita laguntzaileek ere. Bukaerako geltokia Portu auzoko sarreran izango da. Eta hirugarrena, goizeko 09:00etan aterako da Portu auzoko sarreratik. Auzoko bizilagunek erdigunera igotzeko aukera izango dute.

Autobusa, egokitua
Urtebete da Hernanik herriko garraio publiko berria duela eta autobus hori prestatua dago ezintasun fisikoa duten bidaiariak garraiatzeko, eta baita umeentzako kotxeak eramateko ere.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!