Udalak babes ofizialeko 10 etxebizitza alokairuan jarriko ditu eta atzoz geroztik, eskaera egiteko epea irekia dago. Eskaera eta dokumentazioa aurkezteko epea 21 lanegunekoa da. Etxe horiek, Txantxillako 12garren zenbakian daude. Berez, egoera sozial berezia bizi duten herritarrei zuzenduko dira: 2 etxebizitza izango dira haurrak beren kargu dituzten guraso bakarreko familientzat; 2 etxebizitza izango dira genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat; eta 3 etxebizitza izango dira banandu edo dibortziatuentzat. Gainerako 3 etxebizitzak 30 urtetik beherako gazteentzat izango dira. Dena dela, aipaturiko kasuetako eskaerarik ez balego, bete gabe geratzen den edo diren etxeak kupo orokorrean sartuko lirateke.
Bost baldintza
Babes ofizialeko edozein etxebizitza alokairuan eskuratzeko, bost baldintza bete behar dira eta kasu honetan ere halaxe da: adin nagusikoa edo emantzipatua izan behar da; etxebizitza-premia izan behar da (Babes Ofizialeko Etxebizitzen arauen araberakoa); gutxienez, etxebizitzak izango duen titularretako batek Hernanin erroldatua egon behar du azken 2 urteetan edo Hernanin lan egin behar izan du azken 10 urteetan; urteko diru sarrerak 3.000 euro eta 39.000 euro artekoa izan behar du; eta Etxebiden alta emanda egon behar da.
Ezin hutsik mantendu
Behin etxebizitzan sartuta, maizterrak ezin izango du etxebizitza hori hutsik mantendu. Bi hilabetez baino gehiagoz hutsik utzi beharko balu, aldez aurretik horren berri eman beharko dio Udalari. Bestalde, ezin izango du inolako obrarik edo hobekuntzarik egin, Udalarekin adostu ezean.
Urtebeteko kontratuak,
bost urtez
Kontratuak urtebetekoak izango dira eta urtetik urtera luzatuko dira bost urteko epea bete arte. Lehenengo bost urteak igaro ondoren, alokairuan bizi direnek oraindik baldintzak betetzen badituzte (diru sarreren baldintza Eusko Jaurlaritzak ezartzen duenaren arabera eguneratuko da), kontratua urtetik urtera luzatzeko aukera izango da, beste hiru urtez gehienez.
Errenta, diru sarreren
araberakoa
Pisuan sartu baino lehen, lehenengo hilabeteari dagokiona ordainduko da fiantza gisa. Hasierako urteko errenta, berriz, alokairuan bizi direnek, kontratua sinatzeko momentuan dituzten diru sarreren araberakoa izango da. Kontratuak irauten duen bitartean, urteko errenta automatikoki eguneratuko da KPIaren arabera. Diru sarrera haunditzen doan kasuan, hilabeteko errenta ere egokitu egingo da.
Eskaera, Udal Erregistroan
Etxebizitzak, zozketa bidez banatuko dira. Zozketan parte hartzeko, aurreko baldintzak bete eta eskaera orria aurkeztu behar da. Horrekin batera, eskatzaileak eta elkarbizitza unitateko kideek sinatutako baimena aurkeztu behar da, kide guztien NANren fotokopiak eta, hala badagokio, familia liburua. Eskaerak eta dokumentazioa Udal Erregistroan aurkeztu behar dira. yy