Aurreko bi igandetan, txakur eta guztiko ehiza txapelketa jokatu da Epelerreka eta Usokoerrekan, Txantxangorri elkarteak antolatuta. Guztira 26 ehiztarik hartu dute parte eta denen artetik onena, Iñaki Loyarte izan da. 1.212 puntu lortu ditu Loyartek. Bi tiraldietan emaitza bera lortu du: 3na eper eta 3na faisan bota ditu. Faisan bakoitzari 100 puntu dagozkio eta eper bakoitzari 102.
Bigarrena, Garikoitz Garin izan da. Denera, 1.118 puntu lortu ditu. Lehenengo tiraldian 5 eper eta faisan bat bota zituen. Bigarren tiraldian, berriz, 4 eper eta faisan bat. Hirugarren onena, Ramon Izagirre izan da, 916 puntu lortuta. Lehenengo tiraldian 4 eper eta faisan bat bota zituen. Eta bigarrenean, 4 eper. Kasu horretan ez zuen faisanik ehizatu.
Jardunaldi bakoitzean, 78 faisan pieza eta eper askatu dituzte. Orokorrean, eperrak izan dira gehien ehizatu direnak.
Mus Txapelketan izena emateko azken eguna, bihar
Binakako eta banakako mus txapelketak antolatu dituzte Txantxangorri elkartean. Ostegunean, kanporaketako lehenengo zozketa egingo da, eta aurreneko partidak hilaren 23an jokatuko dira. Parte hartu nahi dutenek bihar arte dute izena emateko aukera, elkartean bertan.