Urtero bezala, Inauterien barruan, Mozorro Festa izango da. Otsailaren 18an izango da, larunbatean, eta gazteek euren emanaldia behar bezala prestatzeko, lehenengo entsaioa da gaur. Arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara izango da Biteriko areto nagusian. Bertan, gazte edo talde bakoitzak bere musikarekin saioa prestatu ahal izango du, monitore baten laguntzarekin. Gaurkoaz gain, beste hiru entsaio ere izango dira: urtarrilaren 26an (osteguna), otsailaren 2an (osteguna) eta otsailaren 7an (asteartea). Datak, parte hartzaileen arabera aldatu daitezkeela jakinarazi dute. Bestalde, gazteek euren kabuz prestatu dezakete emanaldia. Ez da derrigorrezkoa entsaioetara joatea.
Musikaren inguruko edozer gauza
Mozorro Festa otsailaren 18an, 18:00etan izango da, Atsegindegin. Helburua da, gazteek, musikaren inguruan zerbait prestatu eta jende aurrean erakusteko aukera izatea. Ekimen honekin, gazteak sortzaile izatea bilatzen da. Gazteak, bakarka edo taldeka aurkeztu daitezke. Soinu ekipoa izango dute: mikrofonoak, CD irakurgailua eta teknikoki behar dutena. Mozorro Festa izaki, parte hartzaileek mozorrotuta joan behar dute.