«Congon bizi dugun egoera erakutsi nahi izan dut»

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 15a, 01:00

«Batez ere emakumeak marraztu ditut eta erakutsi nahi izan dut Congon gerta­tzen ari dena: biolazioak, hilketak... Hori da bizi dugun egoera, baina horretaz ez da hitz egiten. Coltana, Congon dugun mineral bat da, mobilek, ordenadoreek, telebistek... darabiltena eta horren eraginez da guztia. 1996tik, 5 milioi hildako izan dira», dio Pa­pytsho Mafolo Pongo Congo­ko artistak. Eta egoera horren berri emateko, oleo erakusketa jarri du Biterin, Bilili Arte Afrikarra Promozionatzeko Elkartearen bidez.


Kolore biziak
Artelanetan, emakumeen irudiez gain, nagusi dira kolore biziak, laranja eta horia, esaterako. Mafolo Pongok dio kolore horiek erabili dituela, hori delako beraiek barruan daramatena. «Kolore biziek alaitasuna irudikatzen dute. Guri dantzatzea eta kantatzea gustatzen zaigu, mina ezkutatzeko, eta kolore horiek horixe erakusten dute». Denera, 17 artelan daude ikusgai, horietako asko, tamaina haundikoak.


20 urteko ibilbidea
Mafolo Pongo Congokoa da, baina 6 urte daramatza Gas­teizen bizitzen. Gaztetatik, 14 urtetatik dabil pintatzen, egun 34 urte ditu, eta hori du ogibidea. Orain urtebete, Bilili elkartea jarri zuen martxan beste bi lagunekin eta Afri­kako artea bultzatzea dute asmoa. Hernanikoaz gain, badituzte erakusketa gehiago eskuartean; martxoa inguruan Gasteizen, esaterako. Biteriko erakusketa, urtarrilaren 23ra arte egongo da ikusgai, 18:00etatik 20:00eta­ra, eta egilea bera bertan izango da, egunero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!