«Izugarrizko laguntza ematen du, beste pertsona bat bezala da neretzat»

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 15a, 01:00

Manoli Ormaetxea Mitxe­le­na, 80 urteko ereñotzuarra, Txokolatenea etxean bizi da bakarrik, alargundu zenez geroztik. Orain dela 8 urte hil zitzaion senarra eta 7 urte daramazki teleasistentzia zerbitzua erabiltzen. «Alar­gundu eta urtebetera esan zidaten ondo etorriko zitzaidala aparatua jartzea eta animatu egin nintzen», azaldu dio Kronikari. Ormaetxearentzat sekulako laguntza ematen du zerbitzuak eta oso gustora dago. «Izugarrizko laguntza eta la-saitasuna ematen dit. Beste per­tsona bat bezala da nere­tzat», dio. Eta gaineratu du: «Baju aldiren bat baldin ba­dugu, lasai deitzeko ere esaten digute, ez bakarrik larrialdi momentu batean, eta hori gauza ederra da». Tarteka, teleasistentziakoek beraiek ere deitzen omen dute zer moduz dauden jakiteko.

Denei gomendatu
Ikusitako abantailak ikusita, Ormaetxeak, egoera antzekoan dauden pertsona guztiei gomendatzen die zerbitzua jartzeko. Bere ustez onurak besterik ez ditu eta jartzeagatik ez da ezer galtzen. Diruari dagokionean, Or­maetxeak ez du ezer ordain­tzen zerbitzuagatik, pentsio bajua baitu. Kasu horietan halaxe da eta gainerakoetan, 4 euro baino gutxiago ordain­tzen dute hilean.

Bi susto, denbora gutxian
Teleasistentzia erabiltzaileek, lepotik zintzilik medaloi an­tzeko bat edo eskumuturrean erloju antzeko bat eramaten dute eta edozein larrialditan bertan dagoen botoia sakatu besterik ez dute egin behar, SOS-Deiakekin harremanetan jartzeko. Ormaetxeak, joan den urtera arte mesilan izaten zuen lepokoa, baina orain soinean eramaten du beti. Izan ere, bi susto izan ditu denbora gutxian. «Orain dela 20 urte operatu ninduten bihotzetik eta joan den uztailean susto ederra hartu nuen. Beti bezala, bi orduko ibilia egin nuen eta ezina sentitu nuen, izugarrizko mina. Operatu nindutenetik beti gainean eramaten dudan botika (espraia) hartu nuen eta pixka bat errekuperatu nintzen. Gero, konposta jaistera joan nintzen eta berriz sentitu nuen mina. Etxera bueltatu nintzen, pentsa, 14 eskailera dauzkat etxera igo­tzeko, eta semeari deitu eta botoia sakatu nuen. Segituan iritsi ziren 2 anbulantzia. Esan zidaten, 5 minutu gehiago pasa izan balira, infartoa izango nuela». Eta handik gutxira, urrian, beste susto bat izan zuen. Ordutik lepotik zintzilik darama beti: «Lehen pentsa­tzen nuen gauean pasa behar zuela, baina edozein momentutan pasa liteke. Gainera, 100 metroko distantzian erabili daiteke. Dutxatzeko ken­tzen dut hondatuko delakoan, baina uretan ere erabili daitekeela esan didate».

Hernanin, 150 bat erabiltzaile
Hernani osoan, Ormaetxea bezala, teleasistentzia zerbi­tzua darabilkiten 150 herritar inguru daude. Gehienak ema­kumezkoak dira, alargunak eta bakarrik bizi direnak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!