«Baba jatea zela, ardi-zahar jatea zela... jendetza biltzen zen Ur-Mian»

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 15a, 01:00

GAur egun auzoko bilgune bakarretakoa da Ur-Mia el­kartea. Beti funtzio hori bete izan du elkarteak, aitzakia bat edo besterekin, auzoko zahar eta gazteak bertan ibili izan baitira beti. Juanito Sarobe da funda­tzaileetako bat, eta 12 urtez izan zen bertako lehendakaria. «Jendetza bildu du Ur-Mia elkarteak, hasiera hasieratik. Baba jatea zela, ardi-zahar jatea zela... bola apustuak... beti jendea Ur-Mian». Joxe Zerain beranduxeago sartu zen elkartean, eta 4 ur­tez lehendakari lanetan aritua da. «Egunero jendea izaten zen Ur-Mian, eguerdian eta iñularrean. Astez ere, goi­zeko 02:00etan etxera joan­­­da, igual-igual izaten zen».


Emakumeek sartzeko aukera, beste soziedadeetan ez bezala
Garai hartan, eta gerotxoago ere, emakumeek sarrera debekatua izan dute elkarte asko eta askotan. Bazkide egiteko aukera ez zuten hasieratik izan Ereñotzuko emakumeek, baina sartzeko aukera bai, beste elkarte gehienetan ez bezala. «Hasieratik garbi ge­ra­tu zen hori, eta asko ibiltzen ziren emakumeak elkartean» dio Sarobek. Omenaldia Txirritari, Paulo Txikiari, Uztapideri... Bertsoarekin eta kultura asko bultzatu zituen Ur-Miak, hasi zenetik. Urteroko bertso-saioez gain, Txirritari omenaldia egin zitzaion, eta baita monumentua ere, Latxen. «Monumentua egiten Anas­ta­sio aritu zen, eta gu lagun­tzen. Harriak motoetan ekarri errekatik, eta... Bi motori ka­rroa erantsita aritu ginen. Ge­roztik beste bi omenaldi ere egin genituen: bat Paulo Txi­kiari, eta bestea Uztapideri» dio Zerainek. Bertsoez gain, beste ekitaldietan ere beti parte hartu izan zuen Ur-Miak. Santa Ageda bezperako erronda ere orduan hasi ziren egiten, eta gaur egun arte iraun du. Dirua bil­tzen zen, auzoan beharra zutenentzat, eta hortik, arrakasta. 1965ean hasi zuten ohitura hori. Hernanitik Patxi Odriozola joan zen, kantuak erakustera. Ezagunak ziren Ur-Miako eskurtsioak: Gerni­kara, Ber­meo­ra, eta baita erromeriak ere.


Tarragona, Xatur Agirre... soinua, kantua eta jaia
Erromeria gustokoa zuten Ereñotzun, garai hartan ere. Soinujoleak Tarragona eta Xatur Agirre; kantuan Altxo, Florian eta Ugalde... ez zen nolanahiko koadrila biltzen. Sarobe eta Zerain gogora­tzen dira beste festa batzutaz ere: apustuak. «Botila ardoa noiznahi jokatzen zen, bola zela edo toka zela. Bolan baita bazkaria ere, jokatzen zen: zaharrak gazteen kontra. Ni gogoratzen naizela, beti gazteek galtzen zuten». dio Ze­rainek. Sokatira apustuak ere bazuen sona: ezkonduak ez­kon­gabeen kontra. Sarobe: «Juan Beasain gizon haundia zen, eta harek esaten zuen: gu eaman bihar bagaittue, ondo janda etorri biharko dittek!». Kontuak kontu, orduan hasitako bideari segiko dio Ur-Miak gerora ere. Horren lekuko, gaurko eta maiatzeko ospakizunak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!