Ereñotzuarren txokoa, 50 urtez

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 15a, 01:00

ospakizun eguna dute gaur, Ereñotzun. Ur-Mia elkarteak mende-erdi bat bete du auzoan, eta hori ospatuko dute, goizean. 10:00­etan meza izango dute, San Antonio parrokian, hil­da­ko bazkideen alde, eta 11:00etan hamaiketakoa pres­tatu dute, auzotar guztientzat, elkartean bertan. Izan ere, auzotar guztien txokoa da Ur-Mia, eta kultura eta kirola bultzatzeko lanak ere, bere eskutik egin dira urte askotan.

Hiru ereñotzuarren ideia
Soziedadea egiteko ideia hiru ereñotzuarrek izan zuten: Luis Gorrotxategik, Patxi Ur­bi­zuk, eta Joxe Mari Urdan­pi­lletak. Ideia zabaldu, eta 1962­an ireki zuten; 20-30 bat fundatzaile izan omen zituen Ur-Miak eta fundatzaile haietatik, bi bizi dira gaur egun, sasoi ederrean gainera: Luis Go­rro­txategi, eta Juanito Sa­robe.

Auzoan mugimendu haundia
Festa dezentekoa jarri omen zuen soziedadeak, hasiera hartan, eta baita ondorengo urte askotan ere. Gaur egungo au­zoarekin zer ikusirik ez omen zuen ordukoak; taberna gehiago, denda gehiago, jende ge­hiago... Egunero, bazkari edo afariren bat; asteburuetan be­rriz, bukatzen ez ziren otorduak... Giro hartan, Ur-Miak sekulako mugimendua hartu zuen, eta auzoan leku seinalatu bihurtu zen. Ez bilgune mo­dura bakarrik, baita au­zoko ekitaldiak bultzatzeko ere: kul­tura eta kirola indartzeko asmoa hartu zuen hasieratik, eta txintxo segi dio urtero. Udazkeneko kultur festan parte haundia izan du Ur-Miak (garai batean, Luis­ta­rren festa eta Mariaren Ala­bak). Santa Age­da bezperako erronda, urteroko bertso saioak, sagardo probaketa... Toka eta Bola taldea ere badu Ur-Miak, eta urtero botatzen dute Gi­puzkoako Txa­­pelketan, dozena erdi bat ereñotzuarrek.

Meza eta hamaiketakoa
Ereñotzuar guztiek ospatuko dute gaur Ur-Mia elkartearen urteurrena. Goizean meza dute, 10:00etan, hildako bazkide guztien omenez. 11:00etan, auzotarrak elkartuko dira, hamaiketako eder bat eginez, Ur-Mian bertan. Horrez gain, ospakizun haundiagoak ere egingo dira maiatzean, urtero elkarteko festa egiten den garai berean. Hainbat ekintza antolatu dituzte, hilabete horretan. Musika, ibilaldia, bola eta toka txapelketa... maiatzean Maiatzean hiru eguneko festa egingo dute Ur-Miako kideek, urteurrena dela eta. Mus txapelketarekin hasi, eta bazkari eder batekin bukatu; tartean, bola eta toka, mendi ibilia, txokolate jatea, eta auzoko musikarien kontzertua: musika eta kantua. Maiatzak 4, 5, eta 6an dute festa haundia.



50 urteurrena ekintzak

1962ko urtarrilaren 12an sortu zen Ur-Mia Solas Elkartea.

Urtarrilak 15
10:00 Meza, hildako bazkideen alde.
11:00 Herri Hamaiketakoa.

MAIATZAK 4
Ur-Mia Solas elkarteko Mus Txapelketako azken partidak eta finala.

MAIATZAK 5
Haur eta Gazteen Bola eta Toka Txapelketa. Goizean 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldean 15:00etatik 17:00etara.
Txokolate jatea.
20:00 Auzoko musikari eta abeslarien ekitaldia, 50 urteko argazkiak eta pasadizoak ikusiko dira bertan. San Antonio parroki elizan.

MAIATZAK 6
Urteurreneko jai nagusia.
Goizean mendi irteera Agiña mendira.
Eguerdian Urteurreneko
bazkaria. Bertan, bazkal
ostean bertsolariak eta
trikitilariak izango dira.

URTEROKO EKITALDIAK
Erronda, Santa Ageda bezperan.
Sagardo Probaketa San Antonio jaietan.
Bola eta Toka txapelketak
Udazken kulturaleko bertso afaria.
Abenduko barrikotea
Liburua argitaratu nahi da
50 urteko historia laburbiltzen duena: argazkiak, istorioak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!