«Behar adina jende ez genuen bildu lehenengo ahaleginean. Bigarrengoan bai». Luis Gorrotxategik eta beste bi ereñotzuarrek sortu zuten idea, auzoan soziedadea egiteko. 20 bat lagun behar omen ziren horretarako, eta 20 horien artean elkartea egin zuten, auzolanean. Sekulako mugimendua izan omen zuen, urte asko eta askoan. Idea, musean ari zirela «Hasierako momentu hori gogoan daukat: musean asko ibiltzen ginen Patxi Urbizu, Joxe Mari Urdanpilleta eta ni. Tabernan aritzen ginen, eta nik beti zirikatu egiten: -Soziedadia jarri bihar diyeu! Ta haiek neri: -Hik izenak bilduko al dittuk?. Hala, hasi nintzen izenak biltzen, eta lehenengo intentoan jendia allaitu ez. Ta han gelditu zen kontua. Baina denbora pasata, berriz ere beroaldia! Eta, -Berriz eorrek bilduko al dittuk? Ta baita bildu ere!». Gorrotxategik Hernaniko soziedade bat eta Andoaingo bat behintzat, ezagutzen omen zituen, eta asko gustatzen, hango giroa.
Borondatez lan asko egin zen, hasierako obran
Hasieratik, soziedadea egin zuten oraingo tokian. Etxe hori egin berritan, beheko pisua libre, eta hortxe egitea erabaki zuten, ahaldian edo auzolanean. «Lokala hutsa zegoen. Geok egin genuen lan asko, elkarri lagunduz. Baina ofizialak ere baziren. Gogoan daukat, etxea egin aurreko intxaur ipurdiak edo zepak ateratzen aritu ginela».
Geroztik obra gehiago, harria errekatik ekarrita:
Mandarritik, Otsakiletik...
Auzolanean egindako lan bakarra ez zen izan hura. «Anastasio Zabalak lan ederrak egin zituen geroztik, barru guztian harria jarrita. Errekarria gerok biltzen genuen, eta ahal zen bezela ekarri. Batzutan karruakin; Joananean asto zuri bat bazen, eta harekin. Errekaren puntu guztietan ez da harri egokia izaten, eta leku jakinetik aritzen ginen: Otsakil, Mandarri, Ttanttuan erribera, Patxikula...
Exitoa, hasiera hasieratik
Sekulako exitoa izan zuen soziedadeak, hasieratik. Festa asko izaten omen ziren, eta beti jendea izaten omen zen bertan. «Urtezaharretan gaupasa bertan egiten genuen. Goizean, gaupasa eginda, zurrukutuna jan, eta lanera askotan! Gaur, kotxeak-eta badira, eta jende gutxiago dago auzoan. Lehen, jendea bertan errenditzen zen. Pentsa, bi-hiru taberna baziren, dendak, eta soziedadea... eta denetan jendea. Ea ba, berriz martxa hartzen duen auzoak».