Urtero bezala, termatara joateko aukera jarri die pentsionistei, Imsersok. Eta otsailetik abuztura bitartean joan nahi dutenek, astelehena dute izena emateko azken eguna. Irailetik abendura bitartean ere izango da termatara joateko aukera eta eskaera egiteko epea, maiatzaren 16ra arte izango da zabalik. Eskaera orriak Goiz Eguzki jubilatu etxean, Ongintzan eta Ereñotzuko Auzo Udaleko bulegoan daude. Ongintzatik jakinarazi dutenez, norbaitek eskaera orriak betetzeko arazoak baldin baditu, bertan lagunduko zaio.
Pentsionistentzat
Programan parte hartu dezakete pentsionista guztiek, baina hainbat balditza badira. Esaterako, beren kabuz moldatu behar dute eguneroko bizitzan, eta ez dituzte portaera‐aldaketak ezta gaixotasun kutsakorrak izan behar. Eskatzailearen bikotea eskatzailearekin joan daiteke, pentsio eta adin baldintzarik gabe. Egonaldiak, 10 egunekoak (9 gau) eta 12 egunekoak (11 gau) izan daitezke. Programan sartzen dira, besteak beste, ostatua eta pentsio osoa eta oinarrizko tratamendu termalak. Denera, ehundik gora bainuetxe daude aukeran: Andaluzian, Aragoin, Kantabrian, Gaztela Mantxan, Gaztela eta Leonen, Katalunian, Valentzian, Extremaduran, Galizian, Errioxan, Madrilen, Murtzian eta Hego Euskal Herrian.