Ohorezko B mailako taldeak, Landaren jokatuko du gaur. Uholdeen osteko lehenengo partidua izango da etxean, Hernaniko lehenengo taldearentzat. Oviedo izango dute aurrez aurre, 16:00etatik aurrera. Hernanik partidurik galdu gabe eta bonusak lortuz jarraitzen du, baina tentuz ibili beharko du, Oviedo ez baita nolanahiko taldea. Dena dela, joaneko partidua 10-34 irabazi zuten hernaniarrek. Horrez gain, beste bi partidu ere jokatuko dira gaur Landaren. Infantil 16 taldearena, 10:00etan, eta kadeteena, 11:15etan.
Egoera ekonomikoa txarra dela eta, sarrera 5 euroan
Errugbi elkarteak jakinarazi duenez, egoera ekonomiko oso txarrean dago taldea eta Ohorezko B mailako partidu guztietako sarrerak kobratzen hasiko dira. Prezioa: 5 euro. Eta gogorarazi dute, sarrera erosten duten guztien artean Adarraga tarta zozketatuko dela.
Bazkideek, Elutxetan otordua irabazteko aukera
Bazkide-laguntzaileen arteko zozketarekin jarraituz, gaurko partiduko jatetxe babeslea Elutxeta sagardotegia izango da eta bazkideen artean bi pertsonentzako otordua zozketatuko da.
Lau partidu jarraian, etxean
Gaurkoaz gain, datozen 3 partiduak ere Landaren jokatuko dira. Gaur zortzi Santanderren aurka jokatuko dute, hurrengoa Bera Beraren aurka izango da, eta 2 asteko deskantsuaren ostean, Hospitalet taldearekin neurtuko dira.