Urtebete baino gehiago da haur lapurtuen auzia pil-pilean dela. Hernaniko Kronikak joan den urteko maiatzean Karmele Mujika hernaniarraren kasua kontatu zuen, eta aste honetan, nobedadeak izan dira. 1978ko urrian izan zuen Karmele Mujikak umea, eta jaio eta 25 egunetara, hil egin zela esan zioten. Haur lapurtuen kasuak entzun zituenean, berea ere, lapurtua izan zenaren susmoa izan zuen. Hala, aurreneko pausuak eman zituen: bere, eta umearen historial klinikoa eskatu, ADN froga egin, eta gainontzeko kasuekin batera, elkartearen bidez, denuntzia jarri Estatuko Fiskaltza Nagusian.
Gipuzkoako fiskaltza, kasua aztertzen
Estatuko Fiskaltza Nagusiak autonomikoetara desbideratu zituen jasotako kasu guztiak; eta hauek, probintzialetara. Gauzak horrela, Gipuzkoako Fiskaltzaren esku geratu zen kasuen azterketa, tartean, Karmele Mujikarena. Handik aurrera hasi zen Gipuzkoako Fiskaltza Karmeleren kasuan pausuak ematen. Lehendabizi, Gipuzkoako Auzitegiari kasua aztertzeko eskatu zion, eta ondoren, probak biltzen hasi zen, tartean, Karmele Mujikaren eta hildako umearen historial klinikoa. Kasu honetan ere ez zen azaldu. Gauzak horrela, familiak umea jaio eta hil zenaren bi proba besterik ez zituzten; bat, erregistrokoa, eta bestea, Familia liburukoa.
Deklarazioak egin baino hiru egun lehenago azaldu da historial klinikoa
Ostegunean Karmele Mujikaren kasuan zerikusia izan zuten bi pertsonek deklaratu zuten Gipuzkaoko Auzitegian. Eguna iritsi aurretik ordea, nobedade berri batekin deitu zioten Karmeleren abokatuari. Hainbestetan desagertua zegoela esan zioten historial klinikoa agertu zen. Gauzak horrela, osteguna, bi deklarazioen eguna iritsi zen. Batetik, haurdunaldi eta jaiotza hartan Karmeleren ginekologo pribatua izan zenak deklaratu zuen; eta bestetik, umea jaio eta hil zenean, Donostiako Arantzazu Ospitaleko pediatra burua zenak. Karmeleren ginekologo pribatuak haurdunaldiari eta ondorengo jaiotzari buruzko datuak eman zituen. Helburua, Karmele haur horretaz haurdun egon zela, eta haurra jaio zela demostratzea izan zen. Ondoren, garai hartan Donostiako Ospitaleko pediatra burua zenak deklaratu zuen. Azaldu zuenez, 1978ko kasua izanik, ez da gogoratzen zein izan zen umearen bilakaera. Hala ere, azaldu zituen orduko informean irakurritakoa eta Arantzazu Ospitalak berak nola funtzionatzen zuen. Pediatraren esanetan, umea 7 hilabeterekin jaio zen eta 1 ,260 kilo pisatu zituen. Ondorioz, zaintzapean utzi zuten. Gainera, azaldu zuenez, aurreratzen diren ume askok bezala, honek ere birikak erabat garatu gabe omen zituen jaiotakoan, eta jaio eta 25 egunetara hil egin omen zen. Horrez gain, pediatra buruak adierazi zuen, gezurra dela ez ziotela ikusten utzi.
«Umea ondo ari zen pisua hartzen eta aste horretan ekarri behar nuen etxera»
Deklarazioa entzun ostean, Karmelek argi eta garbi dio Pediatrak esan zuena ez dela egia: «umea 7 hilabeterekien eta pisu gutxirekin jaio zela egia da. Baina `bizitu´ zen 25 egunetan ondo jaten zuen. Ni joaten nintzen esnea ematera, eta ikusi nuen azken egunean, 2,300 kilo pisatzen zituen. Pisua ondo hartzen ari zela esan zidaten, eta ustez hil zen aste horretan bertan ginen umea etxera ekartzekoa» Umea ikusteko aukera izan zuelari erantzunez, Karlemek dio, gezurra dela, berak ez zuela ikusteko aukerarik izan: «telefonoz deitu, eta hil egin zela esan zidaten. Biriketako arazorik zuenik ere ez genekien. Esnea kontrako eztarrira joan, eta itota hil zela esan zidaten. Hil eta gero, erresidentzian eduki zuten hiru egunetan, inbestigatu egin behar omen zuten. Ondoren, umea kaja prezintatu batean entregatu zidaten, eta ez niri, ez senarrari, ez nire amari, ez inori, ez ziguten ikusten utzi. Funerariara joateko esan zidaten, egin beharreko tramiteak egitera, eta beraiek ekarri zuten Hernaniko kanposantura. Kaja prezintatuta ekarri zuten, eta hala enterratu behar izan genuen».
«Nitxoa irekitzeko eskatuko dugu orain»
Bi deklarazio hauek entzun ondoren, hurrengo pausua fiskalari nitxoa irekitzeko eskatzea izango da. Karmeleren abokatuaren ustez, epaileak ez du zertan trabarik jarri. Karmelek Kronikari aurreko elkarrizketan azaldu zioen moduan «nitxoa irekitzeko baimena emandakoan, bertan topatzen denarekin argituko da zalantzarik haundiena».