Urumearen aldeko bizilagunak Martutenera martxa antolatu dute gaur goizean, uholdeek eragindako kalteak salatu, eta erakundeei neurriak hartzea eskatzeko asmoarekin. Bi martxa aterako dira Martutenera, 11:30etan: bat Ergobiatik, eta bestea Txominetik, ¡Urumea solucion! Konponbidea orain! lemapean. Martutenera 12:00ak pasata iristea aurreikusten dute, eta 12:15etan, txalaparta eta bertsolariek egingo diete harrera. Ondoren, elkartearen aurkezpena egingo dute, eta manifestua irakurriko dute, 12:45etan. Bukatzeko, pintxoak, sagardoa eta batukada antolatu dituzte. Taldea, momentuz, 11 elkartek osatzen dute: Portu, Karabel, Osiñaga, Ergobia, Astigarraga, Martutene eta Txomineko auzo elkarteek, eta CD Hernani, Hernaniko errugbi elkartea, Arraun elkartea eta Ur Kirolak kirol taldeek.
Helburua, bailarako herri eta auzoen lana elkartzea
Urumeako bizilagunek indarrak batzeko asmoarekin sortu dute elkarte berria. Azaldu dutenez, helburua da lana eta ahaleginak elkartu, eta gai honetan ardura duten erakundeekin elkarlanean hastea. Idatzi duten komunikatuan adierazi dutenez, aurreko mendetik aurrera eramandako hirigintza politikek eta azpiegitura berriek eragin izugarria izan dute, eta horren ondorioa da egun bizi dugun kolapso egoera: «etengabeko uholde arriskuan bizitzera behartu gaituzte. Erakundeek ez diete bailarako eta bertako bizilagunen beharrei erantzun. Ez dituzte eskualdeko herritarren ondasunak zein interesak babestu; ezta herritarrena ere. Era berean, ingurumena zaintzen ere ez dute asmatu.
«Krisi ekonomikoa ezin da aitzakia izan» Elkarteak aitortu du, badakitela ez dagoela irtenbide bakar bat, asko baizik; baina erakundeen pasibitatea onartezina dela. Aspalditik dakite zein den arazoaren jatorria, eta ondorioak arintzeko konponbide bat ere badute; beraien esku dago aplikatzea. Konponbide hori ekarriko lukeen proiektua 2008an jakinarazi zuten, eta orduan aurreikusitako hirigintza proiektua gauzatzeko 60 milioi euro behar ziren. Azaroaren 6an jasandako uholdeen kalteak, aldiz, 100 milioi eurokoak izan dira. Oharrean diote, krisi ekonomikoa ere ezin daitekeela aitzaki izan: «proiektu edo soluzioak ezin dira gehiago atzeratu; inbertsioak bizkortzeko arrazoi izan beharko luke, etorkizunean izan daitezkeen kalteak aurrezte aldera».
«Ez dugu edozein irtenbide ontzat emango»
Dena den, ez dutela edozein irtenbide ontzat emango ere jakinarazi dute: «ibaia ubide batean ixtea, edo zenbait guneetan lurperatzea, gure iragana eta etorkizuna lurperatzea litzateke. Urumeak bizirik jarraitu behar du, gurekin eta datozen belaunaldiekin batera. Hori lortzeko nahikoa baliabide eta teknologia maila badagoela uste dugu».