gari euskal preso politiko hernaniarrak duen gaixotasun arazo larraia azalduz, eta bizi duen egoera salatuz, prentsa oharra bidali du Hernaniko Kronikara Preso eta iheslarien aldeko herri bilguneak. Hori salatzeko sinadurak bilduko dituzte hilabete osoan zehar, eta gutunak eta faxak betetzeko aukera ere izango da, Instituciones penitenciarias eta Almeriako espetxeetara bidaltzeko. Mahaia gaur eta bihar jarriko dute, Kale Nagusian. Bi egunetan goizez egongo dira: gaur, 11:00etatik 14:30etara, eta bihar, 11:30etatik 14:30etara.
Gaixotasunaren aurreneko aipamena, 2005ean
Garik oso gaztetatik izan ditu osasun arazoak, eta oharrean azaltzen dutenez, 2003an espetxeratua izan zenetik okerrera egin du egoerak: «arazo ezberdin ugari izan ditu, eta orain arte eskaini dioten konponbidea koloretako pirulak izan dira». Espetxean zela, 2005ean, Madrilgo mediku batek azaldu zion aurreneko aldiz min eta arazo guztiak gaixotasun erreumatiko baten ondorioak izan zitezkeela, hala diote oharrean. 2006an, gaixotasuna frogatuko zuten proba ezberdinak egiteko zain zela, kartzelaz aldatu zuten, Alcala Mecotik Almeriara: «egitekoak ziren proba guztiak bertan behera geratu ziren eta berriro hasi behar izan zuen zerotik. Konfiantzazko medikuarekin egoteko eskaerari ere, ezezkoa eman zioten». Espetxe aldaketarekin, diagnostiko bat edukitzeko probarik egin gabe jarraitzen duela azpimarratu dute oharrean: «Almerian dagoenetik artikulazio arazoak areagotu egin dira, bere bizimodua guztiz baldintzatuz».
2011ko maiatzetik, egoerak okerrera egin du
Oharrean diotenez, 2011ko maiatzean bere egoerak okerrera egin zuen: «ariketa batzuk egiten ari zela, kraketako bat nabaritu zuen lunbarretan, eta izugarrizko mina jarri zitzaion. Ekainaren 10a arte ez zuten ospitalera eraman plaka bat egitera. Plaka egitea lortu bazuen ere, azarora arte ez zuen erreumatologiarekin hitzordurik izan, plakan agertzen zena azaltzeko». Azaldu dutenez, erreumatologoaren kontsultan, bertebra batean fisura izan zezakeela diagnostikatu zioten, hau da, Espondilo Lisis izan zezakeela. Hori frogatzeko ordea, erresonantzia bat egin behar ziotela esan zuen medikuak, eta abenduan egingo ziotela. Eginda, diagnostiko hori egiaztatzen bazen, aukera operatzea izango litzatekeela adierazi zioten: «abendua pasa zen, eta urtarrilaren erdia ere bai. Oraindik ez dute erresonantzia hori egitera ospitalera eraman, eta 2011ko maiatzetik egunero dago oinazeekin. Bere egoera dela eta, ia egun osoa zeldan etzanda egotera behartuta dago. Gainera, espetxe aldaketa baten beldur da, auto batean eserita eta eskuak esposatuta eramateak suposatuko liokeen sufrimenduagatik».
«Gariren osasun asistentzia bermatzea eskatzen dugu»
Garik bizi duen egoeraren aurrean, Preso eta iheslarien aldeko herri bilguneak euskal presoaren osasun asistentzia bermatzea eskatu dute, ondorengo puntuetan: 1. Behar beharrezkoa duen erresonantzia magnetikoa lehenbailehen egitea. 2. Emaitzarekin, konponbidea operatzea bada, Euskal Herrira ekartzea, konfiantzazko medikuak behar duen osasun asistentzia emateko. 3. Trasladoa bere egoera kontutan hartuta egitea. Ezin du ordu luzez eserita egon, beraz, postura horizontalean egitea. 4. Gaixotasunaren diagnostikoa eta jarraipena Euskal Herrian egin diezaiotela.
Sinadurak biltzeko mahaiak
LARUNBATA 14:
11:00-14:30, Kale Nagusia
IGANDEA 15:
11:30-14:30, Kale Nagusia
OSTEGUNA 19:
11:00-13:30, Azoka
16:00-18:00, Azoka
18:00-20:00, Kale Nagusia
OSTIRALA 20:
18:00-20:00, Kale Nagusia
LARUNBATA 21:
11:00-14:30, Kale Nagusia
IGANDEA 22:
11:30-14:30, Kale Nagusia