Plenoa izan zen atzo, ez ohikoa, eta bertan, 3 gai izan zituzten erabakigai; horien artean, bi mozio. Alde batetik, Gipuzkoan azpiegitura-obra haundiak gelditzearen aldeko mozioa onartu zuen Udalak, AHTaren Aurkako Asanbladak aurkeztua. Gobernu Taldeko 8 ordezkari izan ziren bertan eta guztiek alde bozkatu zuten. Hamaikabat alderdiko zinegotzi bakarra ere izan zen eta hark kontran bozkatu zuen. Gainerako zinegotziak ez ziren azaldu.
Gaur zortzi, manifestaziora joateko deia
Mozioak bost puntu biltzen ditu eta osotasunean onartu ziren denak. Hala, Udalak bat egiten du gaur zortzi Donostian egingo den manifestazioarekin, Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu: azpiegitura-lan haundiak gelditu! lemapean. Horrez gain, eskatzen du lanak gelditzea eta eztabaida bultzatzea, herritarrak informatuz. Baita bertan behera uztea erraustegiaren proiektua. Mozioarekin Udalak adierazi du makroespetxea eraikitzearen aurka dagoela eta baita Abiadura Haundiko Trenaren eta horrekin lotutako Tolarietako Subestazio Elektrikoaren aurka ere.
Gipuzkoar guztien ordezkaritza, murriztu
Kutxabanki buruzko mozio bat ere onartu zuen atzo Udalak, Gobernu Taldeak aurkeztua. Bilduk azaldu zuen, Kutxabank-en ordezkaritza berria adostu dela Gipuzkoako Kutxari dagokion ordezkaritza murriztuta eta ondorioz, gipuzkoar guztiena. Hori horrela, ez du egoki ikusten Administrazio Kontseilua osatu izana, bi indar politikoren artean bakarrik. Eta eskatu du eusteko Kutxabank eratzeko hasieran lortutako adostasunari eta errespetatzeko, orduan hitzartutako ordezkaritza. Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen; Hamaikabatek aurka.
Kutxako gobernua izendatzeko, udalerrien elkartea
Kutxako gobernu organoa izendatu behar denerako, udalerrien arteko elkarte bat osatzearen alde azaldu zen atzo Plenoa, Gobernu Taldearen aldeko botoekin eta H1!-en kontrako botoarekin. Elkarte hori 14 udalerrik osatzen dute eta tartean da Hernani. Gainerakoak dira: Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Villabona, Lizartza, Mendaro, Usurbil, Mutriku, Zaldibia, Ataun, Ibarra, Ordizia eta Legorreta.