Astigarragako sagardotegiek hasi dute txotx denboraldia. Atzo egin zen irekiera ekitaldia Petritegi sagardotegian, Julian Iantzirekin.
Aurreneko kupela ireki eta Gure sagardo berria oihu eginda, atzo ireki zuen Julian Iantzik Astigarragako txotx denboraldia. Irekiera ekitaldia, ohi bezala, Astigarragako Petritegi sagardotegian egin zen.
Aurretik, prentsaurrekoa izan zen Sagardoetxean eta Joxe Angel Goñi Sagardogileen ordezkariak, sagardo berriari eta uztari buruzko azalpenak eman zituen. «Udaberria epela eta lehorra izan da eta horrek lorealdia aurreratu egin du. Horrez gain, uztaila euritsua izan da eta uzta aurreratu egin da. Irailaren erdialdera gehienak tolareetan lanean ari ginen. Beraz, ditugu bi sagardo mota: aurreratu dena eta urte guztirako izango dena. Aurreratu dena txotxerako oso ondo etorri zaigu. Eta sagardo hau da, lehorra, azukrerik gabea, txinparta finekoa eta freskoa, tonikoa».
Prentsaurrekoan izan ziren, baita ere, Andoni Gartzia Astigarragako alkatea, Pilar Zorrilla Merkataritza eta Turismoko sailburuordea, Jon Azkue Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordea eta Jon Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatua. Denek, sagardoak duen garrantzia azpimarratu zuten eta honen alde lanean jarraitu beharra. Bertako sagardoaren, labelaren garrantzia ere nabarmendu zuten.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!