Bertsolata herenegun bukatu zen bertso jaialdiarekin. Eta ondo bukatu ere. Bertso saio ederra izan zen; konpletoa. Mota ezberdinetako gaiak jarri zitzaizkien bertsolariei eta gaiak lantzeko garaian, asmatu zuten, behar zenean umorez eta behar zenean seriotasunez. Herritarren erantzuna ere bikaina izan zen, Biterik itxura polita hartu zuen 200 lagun inguru bilduta.
Sei bertsolarien eta gai
jartzailearen lana,
primerakoa
Oholtzagainean punta-puntako 6 bertsolari aritu ziren bertsotan: Beñat Gaztelumendi, Agin Rezola, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan finalean izan ziren Hernaniko lau ordezkariak; Andoni Egaña, lau urtetan jarraian Euskal Herriko txapelduna izana; eta Julio Soto, Nafarroako txapelduna. Gai jartzaile lanetan ere maila haundiko bertsolari bat aritu zen: Maialen Lujanbio, Euskal Herriko txapelduna. Lujanbiok primeran bete zuen bere zeregina eta asmatu zuen. Mota ezberdinetako gaiak jarri zizkien bertsolariei eta gaiak jartzeko moduak ere eragina izan zuen. Bertsolariak estutzen saiatu zen, baina gaiak gehiegi bideratu eta itxi gabe.
Hezkuntza eta
autobus gorria
Umoreak behar adinako lekua izan zuen saioan. Batez ere bi gai izan ziren algara gehien sortu zituztenak. Alde batetik, Rezolak eta Agirrek, autobus gorriari buruzko bertsoekin umore ederra jarri zuten, eta bestetik, Rezolak eta Sotok, bi lagunen arteko harremanari buruzko bertsoekin. Gai serioei buruz ere aritu ziren bertsotan. Azpimarratzekoak, Agirreren bertsoak, Hernaniko hezkuntzari buruzkoak, eta Irazu eta Sotorenak, emakumeen kontrako indarkeriari buruzkoak.
Lau finalistei, oparia
Lujanbiok, Gipuzkoako finala ere izan zuen gogoan eta lau finalistei galdetu zien, finalisten erdiak Hernaniko ordezkariak izanik, nolatan ez zuten txapelik ekartzea lortu. Bromak aparte, Hernaniko Bertso Eskolak zoriondu egin zituen egindako lanagatik eta oroigarri bana eman zien.