Iñigo Legorburuk irabazi du Okelar Saria, frankismoko haur galduei buruzko bertsoekin

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 8a, 01:00

Frankismo garaian hainbat eta hainbat haur ostu zizkieten gurasoei, jaio eta berehala, hil zirela esanez. Gai hori buruan hartuta, bertso saila idatzi zuen Iñigo Legorburuk, eta Okelar Saria irabazi du, abenduaren 17an, Mutrikun. «Azken aldian oso presente dagoen gaia da, eta errezeloa nuen bertsotan ez ote den gehiegi landu. Emakume baten paperetik egin dut bertso saila, eta gustora geratu naiz emaitzarekin». Bigarren saria Julen Zelaietak irabazi zuen.

Seikotea,
bertsoak analizatzen

Iñigo Legorburu errenteriarra da, eta Hernanin bizi da. 35 urteko gazte honek orain dela 15 bat urte egin zuen jauzi ber­tso mundura, eta buru-belarri dabil azken urteetan. Besteak beste, epaile lanak egin ditu azken Gipuzkoako Txapelke­tan; baina hori baino esangura-tsuagoa izan liteke, bertso ida­tzietan zenbat sari irabazi di­tuen, azken urteetan. Basarri Saria irabazia du, eta Lazkao Txiki Sarian lau aldiz premioren bat lortua da.
Preparazioa taldean egiten omen dute. «Errenteriako bertso eskolan biltzen gara 6 bat lagun, eta bertso paperak letu, analizatu eta kantatu egiten ditugu». Bertan biltzen dira besteak beste, Julian Albistur hernaniarra, Aitor Albistur semea, eta abar.

Atzo eta gaur

-2-
Biziki poztu ginen guztiok
prentsan agertu zenean:
`Gerrako haurrak bizirik daude,
ez soilik oroimenean´.
Gizartearen isiltasuna
hartuta aldamenean
sufrimenduak bizirik dirau
denboraren joanean.
Lasaitasuna ere sentitzen
dugu sarri, azkenean
gure barruko uste ilunak
kanporatzen direnean

-4-
`Gurekin ongi egongo zara´
izan zen mojen esana
ta bukaeran ustez bihurtu
nintzen haientzat laztana.
Denborarekin sendotzen joan
zen barruko harremana
haiek eskaini zidaten dena:
goxotasuna ta lana...
Soilik akats bat eduki nuen,
ahaztu nahian iragana:
Entzun nahi nuen gogoko gezur
hura sinistu izana.

-8-
`Errepublikar ezkongabea´
hura zen nire labela
antza, moja ta erizainentzat
guztiz pekatu itzela.
Guraso `onak´ topatzea zen
eurentzako erregela
diru pixka bat atera ere
baitzezaketen horrela.
Iruditzen zait oraindik ere
benetan ez dakitela
umearekin batera niri
dena kendu zidatela.

DOINUA: Ez nau izutzen negu hurbilak...

*Bertso sailak 9 bertso ditu, eta Kronikak Legorburuk
aukeratutako 3 argitaratu ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!