Inauterietako larunbatean, hau da, otsailaren 18an, Mozorro Festa izango da, azken urteetan bezala. Gazteek, musikaren inguruan saio bat prestatzeko aukera izango dute. «Normalean, gazteak ikusle eta entzule soilak izaten dira, eta ekimen honekin, gazteak sortzaile izatea bilatzen da. Gazteek aukeratutako (edo beraiek sortutako) musikaren inguruan abestu, dantzatu edo antzeztu dezatela bilatzen da», diote antolatzaileek. Mozorro Festa, Hernaniko eta inguruko herrietako gazte guztiei dago zuzendua, ez dago adin mugarik, eta bakarka edo taldeka hartu dezakete parte.
Gehienez, 10 minutu
Mozorro Festa otsailaren 18an izango da, 18:00etatik 19:00etara, Atsegindegin. Guztiak mozorrotuta joan beharko dira. Soinu ekipoa bertan izango dute: mikrofonoak, KD irakurgailuak... Kantuak KDan aurkeztu behar dira edo zuzenean jo daiteke. Kantuek gehienez, 10 minutuko iraupena izango dute.
Lau entsaio
Ekitaldiaren aurretik, lau entsaio jarri dituzte. Egunak, parte hartzaileekin zehaztuko dira, baina oraingoz, honako egunak proposatu dituzte: urtarrilaren 17a, urtarrilaren 26a, otsailaren 2a eta otsailaren 7a. Entsaioak, Biterin izango dira 17:00etatik 18:00etara. Gazteek, euren kabuz prestatzeko aukera ere badute, ez da derrigorrezkoa entsaiora joatea.