Pilotajauko eta Zaramagak jokatuko dute gaur, bigarren kanporaketa

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 7a, 01:00

Afizionatu mailan jokatzen den txapelketa garrantzitsuenetakoa da Berria Txapelketa, eta gaur jokatuko da Her­naniko aurreneko partidua, kiroldegian. Txapelketaren hamargarren edizioa da aurtengoa, eta momentuz, aurreneko erronda jokatzen ari dira. Altsasuko Pilotajaukoko eta Gas­teizeko Zara­magako sei bikoteak neurtuko dira gaur, goizeko 11:00etan hasita.

Kadetetako partidua, klabea
Partidua oso berdindua izatea espero da, eta ziurrenik, klabea, kadetetako partidua izango da. Jubeniletan nafarrak dira faboritoak, eta seniorretan, arabarrak. Kadetetan, Garlarza eta Gabirondok jokatuko dute, Diez de Heredia eta Kandelaren kontra; jubeniletan, Ansa eta Otamendi neurtuko dira Larrañaga eta Ibarrondoren aurka; eta azkenik, seniorretan, Senar eta Irañetak, Mikel Rafael eta Perez izango dituzte aurrez aurre.

Goi mailako pelotariak
Nahiz eta afizionatu mailako txapelketa izan, Hernaniko kiroldegira gerturatzen diren pelotazaleek goi mailako pelotariak ikusteko aukera izango dute. Gaurkoan esaterako, Na­farroako txapeldunek jokatuko dute Pilotajauko taldean, jubenil mailan. Eta kategoria berean, Larrañaga ere, Arabako pelotari onena da. Senior mailari dagokionean, talde arabarrarekin Mikel Rafael pelotari profesional ohiak jokatuko du, eta egungo txapelduna den Perezek.

Hamar kanporaketa eta
finala jokatuko dira Hernanin

Aurten ere, Hernaniko pelota elkartea da txapelketako antolatzaileetako bat. Ondorioz, Hernaniko kiroldegian goi mailako 10 pelota partiduz gozatzeko aukera izango da; eta noski, finala ere bertan jokatuko da. Partidu hori, finalekoa, matxoaren 25ean jokatuko da eta EITBk botako du zuzenean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!