Txapelketa eta torneoak kontuan izanda, gaurko bi maisuek hirutan jokatu dute elkarren kontra. Ezkurraren arma nagusia esperientzia eta inoiz galtzen ez duen joko ona dira. Urrutiak hiru porrot horien arantza ateratzeko asmoarekin jokatuko du finala, hori bai, gaurkoan disfrutatzea du helburu.
Buruz Buruko Orona Masterraren bigarren edizioa jokatu da aurten, eta egun haundia gaurkoa dute: finala. Buruz burukoan, azken urteetan zeresan gehien eman duten bi erremontistak jokatuko dute, Ezkurra zaharrak eta Urrutia gazteak. Partidua Galarretan jokatuko den jaialdiko bigarrena izango da; 17:00etan hasiko da.
Pelota aukeraketak,
zeresan haundia
Errege bezperan aukeratu zituzten finala jokatzeko pelotak, eta Ezkurrak pentsatzen zuen guztia esan zuen. Ez zegoen gustora aukeran jarritako pelotekin, eta azaldu zuenez, Urrutiak aukeratutakoak gehiegizkoak iruditu zitzaizkion: «pisu gutxiegi dute eta, ondorioz, bote haundiegia: egokitzea beste erremediorik ez dut, baina halako botea duten pelotekin ia ezinezkoa da final on bat ikustea». Urrutia ordea, gustora zen aukeratutako pelotekin, eta azaldu zuenez, helburua errebotea jokatu ahal izatea zen.
Ezkurrari dagokionean, pisu gehiagoko pelotak aukeratu zituen: «behetik jokatzeko hobeak dira nireak, eta airean, ez dute halako buelorik hartzen. Hala ere, buruz buru jokatzeko, nireak ere gehiegizkoak direla uste dut».