Gipuzkoan eta Bizkaian azaroaren 5 eta 6an jasandako eurite gogorrek ondorio latzak utzi zituzten puntu askotan, tartean Hernanin. Urak Agentziak Hernaniko Kronikara bidalitako oharrean dio, Urumea, Oria, Urola, Zelai eta Oiartzun ibaiak direla kalte gehien jasan zutenak. Ibai hauek dituzten azpiegitura hidrauliko asko hautsi edo kaltetu egin ziren, eta ibai bazterrak eta bideak zakarrez beteta geratu ziren. Hori guztia bere onera ekartzeko asmoarekin, Urak Agentziak martxan jarri du konpontze lanean hasteko protokoloa: larrialdietako obrak, mantentze lanak, garbiketak...
Elorrabiko zubia,
Urumeako kaltetuena
Ibaiek dituzten azpiegitura hidraulikoei dagokienean, Urumean Elorrabiko zubia izan da kaltetuena. Urumeak egun horretan zekarren ur-emari haundiak, zubiaren ezkerraldea puskatu zuen, baina ez zuen zubia bera eraman. Bertan geratu zen, ibaiari bere bidea oztopatuz. Urak Agentzia arduratu da zubiak utzitako hondakin horiek kentzeaz. Pasa den abenduaren 22an kendu zuten Elorrabiko zubia, eta etorkizunean zer egingo den ez du zehaztu oraindik Udalak.
Zubia Urumearen bidetik kentzea izan da Urakek Euskal Autonomi Erkidegoan martxan jarritako Larrialdi Lanetako bat. Azaldu dutenez, Erkidegoko kalte guztiak konpontzeak 488.370 euroko kostua izango du.
Ibaiak garbitu
eta mantenua egitea
helburu, orain
Larrialdietako lanez aparte, Urak Agentziak ibaiak garbitu eta mantenua egiteko lanak jarri ditu martxan. Azaldu duenez, EAEko kostua 220.100 eurokoa izango da, eta erdia baino gehiago Gipuzkoarako izango da, 125.000 euro hain zuzen.
Agentziak azaldu duenez, Urumea ibaian, Ereñotzu, Hernani eta Donostiako zatian egingo dituzte garbiketa eta mantentze lanak.
Ibaia lehenera ekartzeko egingo duten lana, funtsean, ondorengoa izango da: batetik, azaleko uraren inguru fisikoa, kimikoa eta biologikoa zaintzea; eta bestetik, ibaiaren bide edo ertzetako okupazioa kentzea edo bere onera ekartzea, hala nola, zubiak, pasabideak, presak, estaldurak...
Hori guztia egin ahal izateko, Urak Agentziak egingo dituen mantentze lanak ezinbestekoak izango dira: ibaiaren bidera eroritako zuhaitz eta adarrak atera; errepide edo eraikinetara erortzeko arriskua duten zuhaitzak moztea; behar denean, zuhaitz adarrak edo zutoiak ateratzea; ibaiaren bidean geratu den zaborra kentzea, hala nola, altzairu, plastiko, burdin edo bestelakoak...
Urtegien maila, %60tik gorakoa
Lehortearengatik aktibatutako aurre alerta bukatutzat eman dute KKH eta Urak.
UDAZKEN hasieran izandako lehorteen eraginez, aurre alerta aktibatu zuten Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak (KKH) eta Uraren Euskal Agentziak. Aktibazioa urriaren 24an jakinarazi zuten, eta helburua, uraren esparruan eskumenak zituzten administrazioei egoeraren berri ematea zen.
Neurriak, uraren
erabilpena murrizteko
Ibaien ur-etorrien jaitsiera zela eta, uraren kontsumoa jaistea zen KKH eta Uraken helburua, eta horretarako, hainbat neurri hartzea eskatu zuten: ura lehentasuna zuten gauzetarako bakarrik erabiltzea. Hala, ondorengo erabilpenak murriztea eskatu zuten: lorategien ureztatzea, kaleen ur garbiketa...
Egun, normaltasuna nagusi
Joan den abenduan jakinarazi zutenez, ibaien egoera normaltasunera itzuli da eta urtegi ia guztietan, maila, %60tik gorakoa da. Ondorioz, bukatutzat eman dute aurre alerta. Hala ere, ura zentzuz kontsumitzea eskatu diete erabiltzaile guztiei.