IRATI SARASUA ARABAOLAZA
Hernaniko Udalak Arau Subsidiarioen berrikuspenaren testuan dioenez, herriko lur zoruaren %22, hau da, 292,52 hektarea, hiri-lurzoru izatea proposatu zuen 2010eko irailean. Guztira, 2.700 etxebizitza egingo direla aurreikusten da proposamen horretan; 1.063 babes ofizialeko (VPO), 398 tasatu eta 1.149 libre. Arau horietan agertzen den proiektu bati ekingo zaio denbora gutxiren buruan: Karabelgo bizitoki-gunea egiteari, hain zuzen.
Obra egingo duen promotorak publiko egin duenez, 2012 urte bukaeran hasiko dira obrak, Karabelen 180 etxebizitza berri egiteko. Horietatik 36 babes ofizialekoak, beste 36 tasatuak, eta 108 libreak. Oraingo etxebizitzen ondoan egingo dira berriak, aparkaleku berria dagoen horretan.
Zubi berria ere, Arau Subsidiarioetan aurreikusia
Hernaniko Arau Subsiadiarioak berrikusi, eta horren gainean testu berri bat adostu zen 2010ean. Bertan zehazten denez, etxebizitza horiez gain, zubi berri bat ere egingo dute Karabelen, uholde arriskuak gutxitzeko. Zubi zaharra baino goraxeago joango da berria, hankarik gabea. Karabelgo zubi zaharra bota egingo dute, eta aldameneko hiru etxe zaharrak ere bai. Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkate ohiak Kronikari iaz ondorengoa azaldu zion: «Karabelgo etxeek lagunduko dute, uholdeei aurre egiteko egin behar den zubi berria finantziatzen, baina are garrantzitsuagoa den zerbait lortuko litzateke: Karabelek 250 plazako aparkaleku publikoa izango luke, plaza berri bat, eta bizilagunen beharrak asetzeko lokalak».
Hasierako proiektuan baino etxebizitza gutxiago
2010ean onartu zen Arau Subsidiarioen testu bateginak, jaitsi egin zuen etxebizitza kopurua, Karabel eta Portu bitarteko lurretan. Hasierako testuan zonalde zati haundiagoa hartzen zuten etxebizitzek, eta berrikusi eta gero, bi zonaldetan egitea erabaki zen: Portu auzoaren aldamenean, eta Karabel auzoaren aldamenean. Azken proposamenean zehazten denez, lur horiek uholde-lurrak dira, eta beraz, dena ez okupatzea erabaki da, arrisku horregatik. Horrez gain, nekazal lurrak izateak ere bere garrantzia izan du, zonalde guztia ez eraikitzeko.