«Borondate ona azaldu digu Udalak, baina guk bide seguru bat behar dugu, lehenbailehen»

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 5a, 01:00

Apeaderotik joaten dira Karabelgo ume asko Elizatxo ikastolara, egunero-egunero. Oinezko bide bakarra hortik dago, Karabelgo gurasoek diote, oso arriskutsua dela. Aspaldi eskatzen ari omen dira oinezko bide seguru bat Karabel eta Portu lotuko dituena «Karabelgo etxeak egin zirenetik». Az­ken urteetan, Udalarekin bi­lerak egin omen dituzte, eta oso jarrera ona azaldu omen du Udalak. Erremedio bat ere planteatu die Udalak eta urte gutxi barru egitekoa gainera. Bitarte horretan, or­dea, irtenbide probisionalen bat eskatu dute bizilagunek.

«Beldurgarria izaten da panorama»
Karabelgo guraso horiek be­raien egoera zein den azaldu nahi izan diote Hernaniko he­rritarrei. «Trena pasatzen de­ne­an, umeei heldu egin behar izaten diegu, edo farolei eusteko esan. Beldur­ga­rria izaten da panorama. Goizean, justu ordu horretan, tren az­kar bat pasa­tzen da Her­na­niko apeaderoan. Momentu horretan, gurasoei heldu, eta trenbideari bizkarra ematen diogu, trenak botatzen duen haizeagatik. Ume karroak di­tuztenek, eskilarak ezin dituzte igo, eta be­raz, zubia azpitik pasa, apeaderoko beste andeneraino jo­an, eta trenbidea guru­tzatu behar izaten dute, badenetik; batzutan irristatu egiten dira ka­rroak, edo gurpilak trabatu, edo… Bide seguru bat behar du­gu haurrak oinez joan ditezen».

Oinezko bidea, Karabelgo urbanizazio berriarekin
Udalarekin izan dituzten bi­leretan, erremedio batzuk plan­teatu zaizkie auzotarrei. Laster etxebizitza berriak egingo dituzte Karabelen, eta zubia ere berritu egingo dute. Hori egindakoan, errepidea ere berritu egin behar omen du Udalak, Karabe­le­tik Portura, eta orduan egin nahi lukete oinezko bide bat.

Erremedio probisionala
Guraso talde honek dioenez, oinezko bide berri hori egin bi­tar­tean, erremedio bat behar du­te, probisionala ba­da ere. «Trenbidearen azpikaldetik, egin liteke bidetxur moduko bat, adibidez. Hori ondo legoke, irtenbide probisional mo­du­an». Guraso hauetako batzuk, protesta modura, egun ba­tzuetan errepidetik joateko asmoa azaldu dute. Datorren astetik aurrera, ostegun ba­tzuetan, guraso eta umeak elkartu eta errepidetik joango dira Elizatxo ikastolaraino. «Gure ondoeza azaldu nahi dugu, besterik ez. Sortu ditzakegun arazoengatik barkamena eskatzen diegu kotxe gidariei, aldez aurretik. Horre­gatik, aldez aurretik jakinarazi nahi diegu, ostegun batzuetan ume eta guraso koadrila aurkituko dutela errepidean, goizeko 08:40ak aldera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!