Termalismo Soziala programan izena emateko epea ireki du Imsersok. Otsailetik abuztura bitarteko egonaldiak egin nahi izanez gero, urtarrilaren 16a baino lehen eman behar da izena.
Irailetik abendura bitartean ere izango da termatara joateko aukera eta eskaera egiteko epea, maiatzaren 16ra arte izango da zabalik. Eskaera orriak Goiz Eguzki jubilatu etxean eta Ongintzan daude. Ongintzatik jakinarazi dutenez, norbaitek eskaera orriak betetzeko arazoak baldin baditu, bertako bulegotik pasa eta bertan lagunduko zaio.
10 eta 12 eguneko egonaldiak
Programan parte hartu dezakete, pentsionistek. Bete behar dituzten baldintza batzuk dira, besteak beste, beren kabuz moldatzea eguneroko bizitzan, eta ez izatea portaera‐aldaketak ezta gaixotasun kutsakorrak. Eskatzailearen bikotea eskatzailearekin joan daiteke, pentsio eta adin baldintzarik gabe.
Egonaldiak, 10 egunekoak (9 gau) eta 12 egunekoak (11 gau) izan daitezke. Denera, ehundik gora bainuetxe daude aukeran: Andaluzian, Aragoin, Kantabrian, Gaztela Mantxan, Gaztela eta Leonen, Katalunian, Valentzian, Extremaduran, Galizian, Errioxan, Madrilen, Murtzian eta Hego Euskal Herrian.