Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrak Edipotoa izeneko liburua argitaratu berri du Banizunizuke argitaletxearekin. Liburuaren berezitasuna da, argazkiak, lata edo poteekin egindako argazki kamaren bidez atera direla, hau da, norberak etxean egindako argazki kamarekin. Teknika hori antzinako teknika da eta argazkiei testura eta itxura berezia ematen die. Liburuan bost argazki bilduma daude eta bakoitzean idazle batek kolaboratu du.
Azokak, monumentuak, hondartzak, itsasertzak eta lau zulotako kamara
Lehenengo bilduman, azokei buruzko argazkiak ikusi daitezke, generoa eta postuak geldi azaltzen dira eta jendea mugimenduan. Bilduma horretan, Gorka Setienek idatzi du.
Bigarren seriean, Italiako (Erroma, Florentzia...) hainbat monumentu azaltzen dira. Testuak Haizea Arregik idatzi ditu.
Hondartzako egoera ezberdinen argazkiak bildu ditu argazkilari henaniarrak, hirugarren seriean. Serie horri, Lainon idazleak jarri dizkio hitzak.
Itsasertzak ere badu lekua laugarren seriean. Bertan, arrantzaleak eta itsasoa eta lurraren arteko mugan topatu daitezkeen beste hainbat egoera azaltzen dira. Juanbau Erauskinek idatzi ditu testuak.
Azken seriean, lau zulotako kamara (360º) estenopeikarekin ateratako argazkiak ikusi daitezke. Kamara horren berezitasuna da, lau plano ezberdinetan (iparra, hegoa, ekialdea, mendebaldea) dauden puntuak biltzen dituela argazki berean, errealitatea hankaz gora jarrita. Serie horretarako testuak, Mikel Peruarenak idatzi ditu.
12 euroan, salgai
Liburua 12 euroan dago salgai: Hernanin, Itsaski eta Kitto tabernetan; Donostian, Warung (Sagues), Garraxi (Egia), Beti Boga (Egia) eta IVASFOT argazki eskolan (Alde Zaharra); eta interneten, http://www.banizunizuke.com/
ordainketa.html.