«Gure eredua kopiatzen obsesionatu gabe, badaukagu beste euskerazko kultur disziplinei laguntzea»

Kronika - Erredakzioa 2011ko abe. 31a, 01:00

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Nagusia pasa berritan, bertso mundua geldirik dagoenik ez pentsa. Gaur ere, bere lantokian harrapatu degu Euskal He­rriko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea: Aritz Zerain ereñotzuarra. Hernaniko Kronikan lanean jardun ondoren, eman zuen lanpostu berrirako urratsa eta bertsotan ere, urte gutxitan urrats asko eman zalea izan da. Altxa dadila beraz, lehen ofiziorako Aritz Zerain.

Agin Rezola Laburu

ZORTZIKO HAUNDIA


Elkarte barrutik, pasa berri den Gipuzkoako txapelketaren ze balorazio egin dezue?
Txapelketa ona izan dek orokorrean, baina kezka batzuk utzi dizkigun txapelketa ere badek. Bertsolariak kantuan ari diren bitartean jendea mugitzea, animo builak eta horrelakoak berri xamarrak dituk bertsolaritzan eta txapelketetara hainbesteko jende pila joateak ekarri dik, izaera anitzeko bertsozaleak elkar­tzea. Hain bertsozaleak ez direnak ere etortzen dituk festa haundi bat delako, ber­tsolaritzarena, euskerarena edo nahi denarena. Festa hori bilakatzea ona dek, baina bere alde txarrak ere badizkik eta horren inguruan gogoeta bat egiteko beharra izan dek. Gehienak alde onak dituk, baina gure eginbeharra txarretan fijatzea nola izaten den, horri buelta batzuk eman behar zizkioagu. Bertso mailaz eta, uste diat txapelketa ona izan dela. Beti ere, kezka bahuen punta puntakoak falta zirelako, baina G­i­puzkoan bertso maila oso ona dagoela erakutsi dek eta jende berria atera dek. Gi­puzkoako bertsolaritzak behin­tzat, in­dar­tsu segitzen dik.


Orain, hire karguarekin, ez ditek txapelketetan parte hartzen uzten edo herorrek ez dek nahi?
Batzuk tabladu gainean egoteko beste batzuk bulegoan egon behar diagu eta neri fase horretan tokatu zaidak. Inbidia pixka bat pasa diat, baina bakoitzak jakin behar du non dagoen eta zer toka­tzen zaion zer.


Gaitasun faltagatik denik behin­tzat ez esan, orain dela 4 urte gaizki atera arren.
Nik ikusten diat hor kanta­tzeko moduan egon nintekeela, baina orain beste fase batean nagok eta burua ez zaukaat bertsotarako.


Gurasoek maiz galdetzen ditek haurrak ze adinekin hasten diren bertso eskolan. Hi bezain berandu hasi denik gutxi izango dituk.
Nik, gazte garaitan esan beharko diagu orain, burua baloi formakoa bakarrik nian eta futbolean ibiltzen ninduan ikaragarri gustora. Egia esan, bertsotarako zaletasuna beti ekarri izan diat, baina nik ez nian inoiz nire burua ikusten jende aurrean bertsotan. 24 urterekin kantatuko nian publiko aurrean nere lehenengo bertsoa, Hernaniko tabernetako txapelketan. Giro oso berezian. Eta hortik inguratu ninduan Hernaniko ber­tso eskolara.


Hala ere, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian kantatua haiz. Igor Muniategi oraindik gogoratuko dek!
Kar, kar, kar… Bertso eskolan hasi eta 3 urtera, tonto tonto, klasifikatu egin gintuan, bai. Egia esan, oso kontziente izan gabe zer suposatzen zuen. Gerora jakin izan diat ze zaila den. Oroitzapenik onenak ere orduan zauzkat: 2001eko Euskal Herrikoa. Nahiz eta ez klasifikatu, nik uste, neukan mailarako nahikoa egin nuela, baina saioan baino, oroitzapen gehiago zauzkat prestakun­tzarekin.

Bertso eskolan berandu hasi izana nabaritu dek?
Teknika aldetik, egoera zailetatik nola atera… horrelakoetan oinarri bat botatzen diat faltan. Bestalde, horrek freskotasuna ere ematen dik, bertsoa beste era batera uler­tzeko.


ZORTZIKO TXIKIA


Hi haiz bertsolaritzako Al Capone?
Kar, kar, kar… Bertsolaritzan ez diat uste hari guztiak kontrolatzen dituen inor dagoenik. Bertsozale Elkarteko koordinatzaile izatea tokatu zaidak, baina kriston jende pila ari dek elkartean eragiten. Soldatapeko lan dexente dago, baina borondatezkoa ere kriston pila zegok. Peoi pila bat zegok eta ni tartean, beste bat gehiago.

Bertsolaritza munduko zenbakiak hire eskutik pasatzen badituk eta Gipuzkoakoak Ixiarrenetatik… Etxeko kontuak nork eramaten dizkik?
Tokatu egin zaiguk bioi postu `nabarmenetan´ egotea eta egia esan, ez zekiat agendak nola uztartu beharko ditugun. Kar, kar, kar…


Auzo udala zertan da?
Ilusioz eta arrankatzen. 5 urte sortzen pasa genizkian, udaberrian sortu huen, baina egia dek topo egin degula administrazioaren burokrazi guzti horrekin eta errekurtso asko ez dizkiagu horri aurre egiteko. Orduan, ilusioarekin, ahal den tokitik eta ahal den bezela denbora atereaz, aurrera ziak. Langile bat ekarri zigutek orain, baina teknikaririk ez diagu eta gauzak aurrera ateratzen denbora asko pasatzen diagu.


Aranzadik noiz onartuko du ber­tsoa Ereñotzun sortu zela?
Ni joaten naizen toki guztietan aldarrikatzen saiatzen nauk hori! Ez zekiat han sortu zen, baina urruti gabe, han ibiliko huen. Jende aurreko bertsolari asko sortu ez baldin bada ere, ikusten dek edozein ixkinatan, edozein baserriko aitona amonak bertsotan egiten zutela eta hala konta­tzen dek. Hori guztia berreskuratzen edo dokumentatzen lanen bat egin beharra badagoela uste diat.


Eta orduan, `soño´ errima bezela erregistratuta geldituko dek?
Dudarik gabe! Hori bai dokumentatuta dagoela! kar, kar, kar…


HAMARREKO TXIKIA


Labur esatea zaila dek, baina ez dakien bati, nola esango hioke Bertsozale Elkarteak zer egiten duen? Txapelketa nagusiak antolatzeaz gain.
Bertsolaritza zaindu, sustatu eta etorkizuna bermatzea dek Elkartearen ardura eta bertsolaritzaren bidez, kulturgin­tzan, euskalgintzan eta herrigintzan eragitea, nolabait esateko. Elkartea 3 sail nagusitan zegok banatuta: transmisioa (hezkuntza arautuan 22.000 ikasle daude), sustapena (hedabideak, txapelketak…) eta ikerkuntza. Sortu zen garaian, orain dela 25 urte, Bertsolari Elkarte bezela sortu omen huen, baina berehalaxe pasa huen Bertsozale Elkarte izatera. Bertsolari eta zaleek, denek, bat egin behar ditek Elkartean.


Zuentzat, txapelketa garrantzi­tsuena laster zetorrek: Euskal Herrikoa.
Txapelketa bakoitzak bere funtzioa dik, baina herrialdekoetatik Euskal Herrikora sailkatzen dek eta 2013an izango dek. Hartan, beldurra ematen badu ere, pentsatzen hasita gaudek, montaje haundiak direlako txapelketak.


Txapelketa nagusi bat jokatzen den aldiro, esaten da bertsolaritza inoiz baino hobeto dagoela eta beste kultura disziplinentzat ispilu izan beharko lukeela. Hala irudi­tzen zaik?
Egia dek, bertsolaritzak asmatu duela auto antolatzen eta indartsu zegok bertsolaritza. Kezka badek euskalgintza, kulturgintza eta herrigintzari begira, bertsolaritza hain indartsu egotea eta euskerazko beste disziplina batzuk ez. Orduan, guk bai egin nahiko genukeela gure ekarpena ahal den neurrian, baina kontziente gaituk oso egoera ezberdina bizi dutela. Gure eredua kopiatzen obsesionatu gabe, badaukagu antolatzen lagun­tzea. Guztiontzat onura da eta euskara eta euskal kulturgin­tzarentzat zer esanik ez.


Zenbakitan hazten jarraitu behar likek bertsolaritzak edo oinarriak indartzen?
Hori dek gure eztabaidatako bat. Aitor Sarriegik ere esan dik elkarrizketaren batean: 9.000 hoietan ez daude 9.000 bertsozale, baina 9.000 daude! Potentzialidade hori badago, baina oinarriaz ez degu ahaztu behar. Etengabeko gogoeta da.


PUNTU ERANTZUNA

Jexux Mari Irazuk
Aritz Zeraini:


Nausi jauna ze berri
bertso elkartean?

 

Nausirik ba al zegok
zuen artean?
guztiak gaituk peoi
Kulturan, Artean
ta inor ez diagu
uzten apartean
guztiak batean
eragin katean
lan borondatean
deus ez da kaltean
hizkuntza kinkan dagon
herri batean

Aritz Zerainek
Maialen Lujanbiori:


Egunero izan behar
al da txapelduna?


BAKARKA HIRU BERTSO

Gaia: Auzotar batek Ereñotzuri.
Doinua: Hamarreko haundia


Hona hiru bertso auzotar batek
jarriak Ereñotzuri
auzo bizia izan zarena
ahuldu zerala dirudi
negar malkoen ordez izerdi
tantak nahi ditut isuri
guztia jaso dugu zugandik
nortasun eta irudi
jasotakoa itzuli behar
dizugu orain guk zuri

Txirrita zena bertan jaioa
bertsoa dugu ondare
erreka, mendi, ola ta zentral
animali ta landare
`landa eremu´ deitutakoan
lantegiak parez-pare
oreka zaintzen, asma dezagun
aurrerantzean bazpare
aurrera egin behar bai dugu
atzeaz ahaztu gabe

Auzo guztian ilusiotik
sortu da Auzo Udala
auzotik eta auzoarentzat
eginbide naturala
biak uztartu, nahi genituzke
ekiña eta ahala
denona dena, zainduko dugu
gurea balitz bezala
ta Ereñotzuz, Ereñotzuk ta
Hernanik goza dezala 

PUNTUKA

Auzo udala: Ereñotzu bizi berritzeko behar-beharrezko tresna bat.
Hernaniko Kronika: Hernanin ezinbesteko bihurtu den euskerazko hedabide bat.
Bertso eskola: Hernanin bertsoak duen indarra, ber­tso eskolari esker dek neurri haundi batean eta berak mantentzen dik bizirik.
Hondakinen kudeaketa: Betez bete asmatu den zerbait, arazo larri den zerbait ez hain larri izateko. Kontzientziazioa falta zaiguk ikaragarri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!