Urteko azken ekitaldiak izango dira gaur Hernanin. Urtezaharretako erronda, horietako bat. Besteak, Molotoff irratiaren mariskada, eta Incansables txarangaren erritmoa, ordu txikienetan.
Erronda, zaharrari agur eta berriari ongietorri
Urtezaharretako erronda aterako da 17:15etan Gudarien plazatik eta kalez kale ibiliko dira bertsotan eta kantuan. Hernaniko Iraulio Panttalone Bertsoeskolako kideak lagun izango dituzte, eta tabernaz taberna eskea egingo dute, urte zaharra agurtuz, berriari ongietorria eginez. Trikitixak alaituta, kalean barrena kantu, kopla eta bertsoak kantatu nahi dituzten guztiei dei egin diete antolatzaileek «elkarrekin bat egingo dugulakoan, ondo izan eta urte berri on!».
Mariskada zozketatuko du Molotoff irratiak, aurten ere
Molotoff irratiko kideak egun guztian egongo dira gaur Gudarien plazan. Giro ederra izango da bertan ere, egun guztian musika jarriko baitute. Horrez gain, mariskada zozketatuko du Molotoffek iluntzean. Errifak gaur erosi, eta saria gaur eraman; horixe egingo dute hernaniarrek, zorte pixka bat baldin badaukate behintzat.
Molotoff irratiak hasi ditu saio berriak, eta udara bitarte, musika saioak, irratsaioak, Info7ko albistegia, magazinak eta abar izango dira. Irratiak diru pixka bat ateratzeko egin ohi du urtero mariskada haundi hau, eta gaurko eguna aprobetxatuko dute, urtero dirua ematen duten irrati-zaleei eskerrak emateko ere.
Incansables txaranga,
urteroko gau txoriak
Goizaldean etxera joateko gogorik ez dutenek, badute nola gozatu Hernaniko kaleetan. Incansables txarangak jarriko du giroa gaur kalean gora, kalean behera. Nekatzen ez den talde honek, urte zaharra luzatzen laguntzen die euren gisakoei: gau txoriei. Goizeko 01:30etan joko dituzte lehendabiziko notak; auskalo noiz, azkenekoak.