«Pixura erosteko aukera jarri nahi genuen, granelean, garai batean bezala. Horrekin batera, produktu guztiak ekologikoak izango dira. Filosofia horrekin hasi ginen, eta honetara iritsi gara».
Gaurtik aurrera denda berria zabalik izango da Hernanin, Izpizua kalean: Lurreko. Janariak eta bestelako produktu ekologikoak aukeran izango dira, lokal eder batean. Fruta, berdura, zerealak, gazta, ardoa... era guztietako jaki eta edariak. Eta bestelakoak ere bai: kosmetikako gauzak, umeentzako pixoihalak, jaboiak...
«Zaindu osasuna,
eta ingurumena»
«Bakoitzak bere ontzia ekarri ahal izango du zenbait gauza erosteko: arroza, lentejak, arta-txikia, cuscusa... eta baita jaboietarako ere: labadorarako, ontziak garbitzeko, lurra eta abar garbitzeko...». Enbaseek produktua garestitu egiten dutela dio Zapiainek, eta ingurumenari kalte egiten zaiola. Horrez gain, osasunez jateari garrantzia eman nahi izan diote. «Ekologikoak mesede egiten digu guri, eta baita inguruari ere».
Produktu freskoak ere izango dira: fruta, berdura... «garaikoak izango ditugu».
Ibon Zapiain da dendako arduraduna, eta oso garbi dauka «talde-lanean» sortu den denda dela berea. «Jende asko izan dut laguntzen, eta denei eskerrak eman nahi dizkiet».