Persekuzio bat grabatuko dute gaur Gudarien plazan, eta eszena horretarako jendea behar dute, Kronikari jakinarazi diotenez. Jendeak egon egin behar du, besterik gabe, eta kale jantzi arruntean jantzita egon behar du. Iban Garate da aktore nagusia, eta Kale Nagusian gora etorriko da korrika, eta arkupetatik pasako da; Portalez kanpon zai izango du kotxe bat, han sartu eta ospa egiteko.
Joxe Ramon Soroizek zuzentzen duen lehendabiziko pelikula da Itzuli behar denean, zer? izenekoa. Poliziakoa da, eta Oiartzunen grabatzen ari dira. Arduradunek Kronikari jakinarazi diotenez, «eszena jendetsu bat nahi dugu, eta pentsatu dugu, Oiartzunen baino jende gehiago bilduko dela Hernanin».
Adin guztietako jendea
Herriko plaza bateko normaltasuna nahi dute eszena horretan. Horregatik, era eta adin guztietako jendeari dei egin diote Gudarien plazara azaltzeko. «Berez eszena azkarra da, baina errepikapen bat baino gehiago egin beharko ditugu, eta horregatik, 30 minutu inguru iraungo ditu grabazioak».
15 euro, bakoitzari
Ez da diru asko izango, baina bakoitzari 30 euro emango zaizkio. «Plaza betetzen bada, daukagun dirua zatitu egin beharko dugu, hori bai; gainontzean, 15 bat euro izango dira bakoitzarentzat».
Pelikula amerikar ikutua
Joxe Ramon Soroizek lehendabiziko aldiz zuzendu du pantaila haundirako pelikula bat. Poliziakoa da, eta pelikula amerikarren kutsua izango du, baina euskal estiloarekin egina izango da.
Hernani, gero eta maiteago zinegileentzat
Pelikula asko ari dira grabatzen Hernanin, azken urteetan. Ezagunena, joan den urtean grabatu zutena, Zaharren Egoitza berrian, Urteberri on Amona pelikularako. Horrez gain, Vaya Semanitakoak ere sarritan izan dira Hernanin, eta baita Finlandiakoak ere, besteak beste.