Ereñotzuko Zentrala Hernaniren eskutara pasako da, urte batzuetarako

Kronika - Erredakzioa 2011ko abe. 29a, 01:00

Errenteriak eta Herna­nik tratua sinatu dute Ere­ño­tzu­ko Makinetxea Zentral Hidro­e­lek­tri­­koari bu­ruz (Hernani­tik joanda, auzoan sartu eta eskubitara geratzen den bigarren edifizioa). Akordio ho­rrek dioenez, zentrala Her­na­niri pasako dio Errenteriak, 7 urterako (Errenteria baita ja­bea). Epe hori izango du Her­nanik, zentrala berritzeko, eta ondoren, 50 urterako Herna­ni­­ren­tzat izango litzateke. Be­rri­kun­tzarik egiten ez bada, 7 urte barru berriz Errente­ria­ren esku geratuko da.
Hori erabaki zuen Plenoak asteartean, Gobernu Taldea­ren aldeko botoekin; gainerakoek kontra bozkatu zuten. Egoera ekonomikoari buruz hitz egin zuten, batez ere Plenoan, eta bertan beste hainbat gai landu ziren; tartean, PSE-EEren mozio bat.

Momentuz Hernaniren esku; proiektua, aztertzeko
Oposizioko alderdi guztiek jakinarazi zioten Gobernu Taldeari, egoera ekonomikoa ez dela egokiena Ereñotzuko Zentrala berritzen hasteko.
Hernaniko Udalak azterketa bat egina dauka zentral horri buruzkoa. Hor aurreikusten da, Interpretazio Zen­tro bat egitea. Proiektu ho­rretan 720.000 euroko gastua aurreikusten da. Dena dela, aprobatu gabe dago hori.
PSE-EEko Jose Ramon Chicak adierazi zuen, ez zaiela logikoa iruditzen akordio bat sinatzea, jakinda, agian proiekturik ez dela egingo. «Erabaki hori hartu behar zen, proiektua egingo dela konbentzituta; zer egin behar dugu? akordioa guk sinatu, eta erabakia hurrengo agintaldikoei utzi?».
EAJren izenean, Andoni Amonarraizek uste du, Erren­teriako Udalari zerbait gehiago eskatzea bazegoela. «Ur­te­etan egoera kaxkarrean egon da eraikin hori, eta ez da Errenteria batere presionatu. Gainera, gogoan hartu, zerbait egiten bada ere, gero berriz Errenteriarentzat izango dela, 50 urte barru. Ba­ditugu inbertsio interesgarriagoak, geureak diren gauzetan, eta ez besteenetan».
Hamaikabat alderdiak prentsa oharrean adierazi du, Udalak proiektu hau atera duela beste prioritate batzuek badiren garaian. «Adibidez, uholdeei aurre egiteko obrak. Proiektu hau interesgarria izan liteke, baina ez garai honetan».
Gobernu Taldearen izenean, Luis Intxauspek adierazi zuen, Udalak ez duela konpromisorik proiektu bat edo beste egiteko. «Udalak aukera orain zeukan, zentrala 7 urterako eskuratzeko. Horre­kin ez gara konprometitu proiektu bat egitera; ikusi egin beharko dugu zerbait egin litekeen edo ez».

Euskera Biziberritzeko Plana egiteko asmoa
Plenoak onartu zuen, baita ere, Hernaniko Udalak Eus­ke­ra Biziberritzeko Plan Na­gusia martxan jartzea. Hori egiteko asmoa duela, Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko dio Herna­niko Udalak.
Alderdi sozialistak mozio bat aurkeztu zuen, eta ez zen onartu, Bilduk kontra bozkatuta. Bertan eskatzen zen, Udalak Diputazioari bueltatu behar dion diru kopuru bat, hiru urteko plazoan ordaintzeko eskatzea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!