«andoainen dagoela badakigu, han fusilatu baitzuten gure aita. Arrastorik ez da azaldu, ordea. Eta horixe nahi genuke azaltzea. Zor digute guri, eta gure amari. Batez ere amari, guk bakarrik dakigu hark zer pasa zituen». Beste hainbat herritar bezala, Angel Arbiza 1936an hil zuten, frankistek. Gorria omen zelako hil zutela dio Eusebiak, beste motiborik gabe. «Jose Antonio Agirrerekin ibiltzen zen, eta horixe izan zen kontua, besterik ez. Aita oso gizon ona zen». Erreketeek eraman zutenean, Angelek berak esan omen zien berehala bueltatuko zela.
«Berandu zatoz»
Hor hasi zen amesgaiztoa Eusebiaren familiarentzat. Goizeko 02:00etan etorri omen ziren bi errekete, eta Biteri ondoko kartzelara eraman omen zuten aita, Atsegindegira. Ama, Joxepa Antonia Gorostegi, hurrengo goizean kartzelara joan zen senarraren bila, eta hango zaintzaileari aditu omen zion, «berandu zatoz». Ama ondoezik bueltatu omen zuten baserrira, karro batean.
Bakero baserria sakeatu egin zuten, sei egun geroago
Amak bakar bakarrik atera behar izan omen zuen familia aurrera. Gainera, senarra hil eta sei egunera, baserritik dena eraman omen zuten. «Berriz etorri ziren sei egunera, dena eraman zuten: animaliak, etxe barruko trasteak... dena. Ezer gabe utzi gintuzten. Dena hankaz gora, leihotik bera trasteak... nere ahizpa txikia, urtebetekoa, maindire artean zegoen ohean, eta hura ere leihotik bera! Grazik, ez zuen minik hartu. Amorratuak zeuden, eta amari galdetzen zioten zerbait, ez dakit zer: bestela, hil egingo zaitugu zu ere! Amak, indarra bazuen orduan ere, eta erantzun: lehenengo seme-alabak, eta gero hil nazazute ni ere! Orduantxe utzi gintuzten pakean. Ez ziren berriz etorri».
Hutsetik hasi
Hurrengo urteak gogorrak izan ziren. Bi behi erosteko dirua eskatu eta ukatu egin zioten amari. Ramon Amerikanuak lagundu omen zien, bi behi erosten, eta hortik aurrera, hutsetik hasi ziren berriz. «Ia inork ez zuen laguntzen. Amak bakarrik atera zuen baserria aurrera, eta anai zaharrak ere lan asko egin zuen; beste senideak oso gazteak ginen». «Gogoan dut, egun batean, belarrak ontzen ari ginen, eta hurrengo egunerako euria emana. Anaiak ez ziren plazara joan, Cara al Sol kantatzera. Ilea zerora moztu zieten; nik ikusi nuen, ze zakar jokatu zuten beraiekin». Herritarrek orokorrean ez omen zieten ezer txarrik esaten beraiei, baina amari hasieran bai. «Ama askotan etortzen zen etxera negarrez. Anai zaharrak esaten zion: zer esan dizute? Ama, ez zara gehiago kalera joango! Amak bueltatu egin behar ordea».
Egia esateko beldurrik ez
Eusebiak dio, ez duela inoiz izan beldurrik, egia esateko. Ez du ulertzen zerk eraman zezakeen pertsona gauza horiek egitera, eta uste du, kontzientziko pisu haundia izango duela batek baino gehiagok. «Badakit, gure amari barkamena eskatu ziela herriko zenbaitek. Gure amak eman ere bai. Hark ez zuen gorrotorik, oso bihotz ona zuen. Hala ere, zor digute azalpen bat, eta esperantza daukat, konponbidera iritsiko garela».
Angel Arbiza Lasa, 1936an hil zuten, Andoainen, 37 urte zituela. Bakero baserrian bizi zen, eta bertatik eraman zuten bi erreketek, goizeko 02:00etan. Biteri ondoan kartzela txiki bat ba omen zen, Atsegindegi, eta hara eraman omen zuten hasieran. Bere arrastorik ez da azaldu oraindik.